Emakumeek eta adingabeek, otsailetik aurrera, eskatu ahalako geraleku berriak izango dituzte gauetan aldundiaren errepide bidezko garraioaren herrien arteko foru lineetan, haien segurtasuna hobetzeko asmoz. Geraleku horiek ohikoen osagarriak izango dira, eta horiei esker, emakumeek eta adingabeek ibilbide laburragoa egin ahal izango dute beren bizilekura, eta, beti ere, jendea bizi den lekuetan. Josu López Ubierna Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak eta Marian Gutierrez arlo horretako zuzendariak emandako prentsaurrekoan iragarri dute neurri hori foru titulartasuneko hiriarteko garraioko 19 lineetan ezarriko dela eta “arabarrei mugikortasuna bermatzeko ematen diegun zerbitzu publikoaren etengabeko hobekuntzaren politikan” kokatu dute.
Foru garraioaren kalitateak izugarrizko jauzia egin du legealdi honetan; izan ere, autobusak modernoagoak eta erosoagoak dira, maiztasun handiago eta geraleku gehiago daude, ibilbideak herritarren beharretara egokituta daude eta BAT txartelarekin ere ordaindu daiteke. Orain neurri batekin aurrera egiten jarraituko dugu, bi kolektibo bereziki ahuli segurtasuna eskaini nahian: emakumeak eta adingabeak”, azaldu du López Ubiernak.
Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak azterlan zehatz bat egin du 19 foru lineen geraleku guzti-guztiei buruz, haien ezaugarriak zehazteko (herrigunera dagoen distantzia, udalerriko auzo edo biztanleak dituen zonetara dagoen urruntasuna) eta segurtasun handiagoa eskainiko duten eskatu ahalako geraleku osagarriak antolatzeko premia dagoen erabakitzeko.
“Lan egin genuen garraio publikoan genero ikuspegia txertatzeko, eta hona emaitza: 40 geraleku osagarri baino gehiago hogeita hamar bat udalerritan, hala nola, Agurainen, Dulantzin, Artziniegan, Guardian, Lapuebla de Labarcan, Araian, Espejon, Amurrion, Legution, Bastidan edo Gasteizen. Geraleku horiek gaueko ordutegian erabili ahal izango dituzte hala eskatzen duten emakumeek eta adingabeek”, adierazi du Marián Gutiérrezek.
Araudiaren erreforma
Geraleku horiei esker, emakumeek eta adingabeek gauetan beren bizilekurako ibilbidea laburtu ahal izango dute eta segurtasun baldintza hobeetan egin ahal izango dute. Kolektibo horietako pertsonek aurretiaz jakinaraziko diote gidariari autobusetik jaisteko aukeran egongo diren geraleku horiek erabili nahi dituztela, hain zuzen, 18:30etik (azarotik martxora) eta 21:00etatik (apiriletik urrira) aurrera ateratzen diren zerbitzuetan.
“Bi adibide jarriko ditut. Hirugarren geraleku bat prestatuko dugu Amurrion, eskatu ahalakoa izango dena, ohiko bi geralekuetatik urrun samar dagoen herriguneko alde bati zerbitzua emateko, eta, era berean, geraleku osagarriak eskainiko ditugu herri txikietan, hala nola, Argandoñan eta Gatzaga Buradonen, autobusetik jaisteko lekua herrigunera hurbiltzeko", adierazi du zuzendariak.
Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak Foru Garraioaren Zerbitzuen Araudiaren aldatzea onetsiko du datozen asteotan, neurri hori datorren otsailean ezartzeko. Erabiltzaileek eskatu ahalako geralekuak zeintzuk diren eta non dauden jakiteko informazio zehatza eskuragarri izango dute Arabako Foru Aldundiaren web orrian www.araba.eus/alavabus eta sare sozialetan.