Arabako Foru Ogasunak gaur egingo du amatasun eta aitatasun itzulketen hirugarren ordainketa. Zehazki, 2015eko amatasun eta aitatasun prestazioengatik ordaindutakoak itzuliko ditu. Hartara, guztira Arabako 3.231 ama eta aitek 993 euro jasoko dituzte, batez beste, bihartik aurrera; guztira, 3,2 milioi euro izango dira. Interesdunek likidazio berriaren jakinarazpena jasoko dute posta ziurtatuz datozen egunetan.
Foru erakundeak egiten duen hirugarren ordainketa da. Guztira, aurreikuspenen arabera, 24.000 arabarri 16 milioi euro inguru itzuliko zaizkie, Auzitegi Gorenak urrian emandako ebazpenaren irizpidea bere egin eta gero.
Horiek horrela, gainerako itzulketak maiatzean zehar egingo dira. José Luis Cimiano Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatuak gogorarazi du Arabako Foru Ogasunaren asmoa dela itzulketak ofizioz egitea.
Horretarako, jakinarazpenetan eta banku kontuei buruzko datuetan hutsik egon ez dadin, interesdunek inprimaki bat bete behar dute datu eguneratuekin, eta postaz, bertaratuta edo posta elektronikoz aurkeztu (maternidadrenta@araba.eus eta paternidadrenta@araba.eus). Deskargatzeko esteka nabarmenduta ageri da www.araba.eus web orrian, edo, bestela, klik egin daiteke aquí.
Horrez gain, Arabak aukera ematen du aitorpena berriz egiteko, baterako zerga ordainketarengatiko murrizketez baliatzeko, baina soilik modalitate hori zergadunentzat onuragarri bada.