Cristina González: “2019an enplegu publikorako eskaintza baterako deialdia egingo dugu urteko lehen hilabeteetako lanpostu hutsak betetzeko”

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia 2019ko ots. 26a, 07:00

Cristina Gonzalez prentsaurrekoan. / Arabako Foru Aldundia

Gutxienez 6 plaza izango dira eta uztailaren 13an hasiko den hautaketa prozesuari erantsiko zaizkio.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko diputatu Cristina Gonzálezek gaur iragarri du 2019an enplegu publikorako eskaintza baterako deialdia egingo dutela, aurtengo lehenengo hilabeteetan hutsik geratzen diren lanpostuak betetzeko. Eskaintza hau legealdiko laugarrena izango da eta 6 plaza izango ditu, gutxienez, eta 2017ko eta uztailean hasiko den 2018ko hautaketa prozesuei erantsiko zaie.

Arabako Batzar Nagusietan eman du Gonzálezek berria, eta azaldu du zein neurri hartu dituzten azken lau urteotan behin-behinekotasuna murrizteko, plantilla berritzeko eta haren egitura erakundearen beharretara eta herritarren eskaeretara egokitzeko, “arabar guztiek kalitatezko zerbitzu publikoak izan ditzaten bermatzeko”.

Foru diputatuak azaldu du helburua “asmo handikoa eta konplexua” dela, kontuan hartuta 2015eko ekitaldiaren amaieran langileen heren bat behin-behinekoa zela –azken enplegu publikorako eskaintza 2007an egin zuten– eta aurreikusita zegoela hurrengo ekitaldietan ehun langile publiko baino gehiagok erretiroa hartzea. Horretaz gain, berriztatze tasari zegokion araudia oso murriztailea zen legegintzaldi horretan.

“Erronka honek eskatzen digu epe laburrerako ikuspegia alde batera uztea eta epe ertainerako eta luzerako ekintzen eta neurrien estrategia zehaztea, inertzia aldatzeko eta langileei egonkortasuna emateko”, adierazi du.

Jarraian, estrategiaren xehetasunez mintzatu da González: urtero enplegu publikorako eskaintza deialdi bat egitea, unean uneko berriztatze tasa ahalik eta gehien aprobetxatzeko, eta hutsik dauden lanpostuak kategoria edo talde profesionaletan multzokatzeko irizpidea aplikatzea. Estrategia horren barruan, 2016an, 2017an eta 2018an enplegu publikorako eskaintzak izan dira eta guztira 169 plaza eskaini dira.

Lehenengo EPEa 2016an egin zuten eta funtzionario berriek iazko urte amaieran bete zituzten beren plazak. 2017an eta 2018an egin ziren bigarren eta hirugarren EPEen deialdiak eta 91 plaza eskain zituzten. Administrari lanpostua eskuratu nahi duten pertsonen hautaketa prozesua uztailaren 13an hasiko da eta argitaratu dira jada gai zerrendak eta oinarri espezifikoak.

“Eta horretan jarraituko dugu… Udaberrian 2019ko enplegu publikorako eskaintzaren deialdia onartuko dugu, eta egun % 100eko berriztatze tasa dagoela aprobetxatuz, urteko lehen hilabeteetan hutsik geratzen diren lanpostuak sartuko ditugu. Gutxienez sei plaza gehiago izango dira”, nabarmendu du Cristina Gonzálezek.

Estrategia honi esker, joera aldatu egin da eta behin-behinekotasun tasaren hazkunde azkarra geldiarazi, diputatuak adierazi duenez; izan ere, aipatutako neurriak hartu izan ez balira, behin-behinekotasun tasak “langileen % 42ri baino gehiagori eragingo lioke. 2017ko eta 2018ko enplegu publikorako eskaintzak amaitzen direnean, joera aldaketa hori finkatuko dute”.

“Esate baterako, enplegu publikorako eskaintzan dauden kolektiboen behin-behinekotasun tasa % 10 baino txikiagoa izango da, eta zenbait kasutan, % 30 baino gehiago murriztuko da”, adierazi du.

Amaitzeko, Gonzálezek azaldu du zergatik den, EPEak EPE, gaur egungo behin-behinekotasun tasa 2015ekoa baino handiagoa, eta bi faktore aipatu ditu: lehiaketa-oposizio prozesu bakoitza gauzatzeak eskatzen duen denbora –urte eta erdi inguru– eta 2015-2018 aldian izandako erretiro kopurua: 149.

“Lau urtetan hiru EPE egin ditugu; lau, hurrengo asteetan onartuko duguna kontuan hartzen badugu; aurreko 15 urteetan, aldiz, 2 egin ziren, eta, gainera, balia genezakeen berriztatze tasa osoa baliatu dugu kasu guztietan. Baina prozesu bakoitza gauzatzeko behar den denborak ez digu aukera ematen, eta hauxe da gakoa, orekatzeko azken urteetan izandako erretiroak”, adierazi du.

Halaber, nabarmendu du beste faktore bat izan dela bajak eta lanpostu hutsak ohiko eran betetzeko erabakia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide