Arabako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak bide eman dio Delikako Ibilbide Berde berria egokitzeko proiektuari. Ibilbide horri esker, herri amurrioarra eta Delikako arroila, Nerbioi Ibaiaren Ur Jauzia izenez ere ezaguna, lotuko dira. Guztira, 6,5 kilometro luze izango da, horietatik 3,2 kilometro bizikletaz egiteko modukoak, eta 115 metroko desnibela izango du.
Natura 2000 Sareko naturaguneak igaroko ditu, hala nola, Arkamo-Gibijo-Arrastaria KBE edo Gorobel KBE. Nerbioi ibaiaren goi-ibarra igarotzen den mendi paisaia bikain batez inguraturik, belardien, baso autoktonoen, hariztien eta hainbat ur jauziren albotik igarota, ibilbideak Delikako arroila edo Nerbioiaren ur jauzi ezagunean izango du amaiera.
Lehenengo fase batean, aldundiak ibilbidea egokituko du, eta, horretarako, lehendik dauden bideetan sarbideak hobetu, eremu batzuen landaredia lehengoratu, sastrakak kendu, zorua egokitu, seinaleak jarri eta ibaia zeharkatzeko pasabide berezi batzuk jarriko ditu.
Behatoki berria eta zubi tibetarra
Nabarmendu behar da Delikako Ibilbide Berdeak osagai berezi batzuk izango dituela, hala nola, behatoki berria, zeinaren bidez bisitariak ur jauziak elkarren segidan ikusi ahal izango baititu.
Era berean, atsedenerako eta aisiarako gune berri bat izango du Zalborondo harrizko zubiaren ondoan. Gainera, ondorengo fase batean, 60 metro luze izango den zubi tibetar handi bat eraikiko da, eta hura eraiki arte, ibaia zeharkatzeko pasabide berri bat egongo da. Proiektu horretan, era berean, jasota dago ibilbide hori Urduñarekin lotzeko aukera, Tertangatik zein Artomañatik.
1.000 kilometrotik gora ibilbide berdeetan
Proiektu honek 202.505 euroko kostua izango du, eta horren %50 EGEF Europako funtsek finantzatuko dute. Nerbioiko Parke Lineala osatuko du, Laudio eta Amurrio lotzen baititu motorrik gabeko mugikortasun jasangarriaren eta aisialdi osasuntsu eta aktiboaren aldeko apustu argi bat eginez.
Dena den, Arabak 24 ibilbide berde ditu, elkarrekin lotuta, eta lurraldea iparraldetik hegoaldera eta mendebaldetik ekialdera egituratzen dute, herriak lotzeaz gain. Era berean, Arabako biodibertsitatea eta naturguneen balioa nabarmentzen dituzte.