Abian jarri dira Gasteizko eta Laudioko enplegu anezkak

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia 2019ko urr. 25a, 07:00

Laudioko enplegu anezkan hartutako irudia. / Arabako Foru Aldundia

56 langabetu trebatuko dituzte lana bilatzeko. Laudion zabalik dago oraindik izena emateko epea, 4 plaza geratzen baitira.

Gasteizko (2) eta Laudioko enplegu anezkak aste honetan hasi dira lanean, hainbat adinetako, prestakuntza mailatako eta lan ibilbidetako 56 langabetu lana bilatzen trebatzeko. Koordinatzaile batek gidatzen du talde bakoitza, eta parte hartzaileen eskuetan jartzen ditu gaitasunak hobetzeko, lan merkatua aztertzeko eta enpresekin harremanetan jartzeko tresnak. Laudioko anezkan lau plaza daude oraindik bete gabe eta, beraz, izena eman daiteke webgunearen bitartez: www.lanzaderasdeempleo.es Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saila eta Santa Maria la Real fundazioa elkarlanean arituko dira aurten ere programa honekin jarraitzeko eta, horrela, lanik gabe dauden arabarrei haien egoera aldatzeko tresna eraginkor bat eskaintzeko. Aurreko hiru urteetan, programan parte hartu zuten hamar pertsonatik seik lana aurkitu zuten anezketan jasotako laguntzari esker. Ekimen hau, gure lurralde historikoko eskualderik behartsuenetan langabeziaren aurka jarduteko Foru Gobernuak daukan programa bereziaren barruan dago eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzazioa du eta Gasteizko eta Laudioko udalen laguntza.

Cristina González Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatuaren arabera, emaitzek egiaztatzen dutenez, anezkek funtzionatu egiten dute eta enplegurako beste politika aktibo batzuek baino laneratze tasa handiagoak eskaintzen dituzte; horregatik, programari jarraipena ematea erabaki dute: “Arabako langabetuek tresna hau erabiltzea nahi dugu, ikusgarritasuna izan dezaten, harreman sareak sor ditzaten, enpresetara bisitak egin ditzaten eta lan bilaketan laguntza dutela senti dezaten”.

38 emakume eta 18 gizon
Gasteizko eta Laudioko enplegu anezka berriak aste honetan jarri dira abian, eta hurrengo bost hilabeteetan langabetuei lagunduko diete lan bilaketa berritzaile batean trebatzen, hau da, taldean, kultura kolektibo nahiz solidario eta proaktiboaren bidez eta lan koordenatu berriekin bat etorriz. Programa martxan egongo da 2020ko apirilera arte. 56 pertsonak osatzen dituzte talde hauek: 38 emakume eta 18 gizonezko, 20 eta 58 urte artekoak, eta hainbat prestakuntza profilekoak (DBH, LH, Batxilergoa eta unibertsitate ikasketak). Batzuek beren lehen lana lortu nahi dute, beste batzuek berriz egin nahi dute lan, alor jakin batean urtetan aritu eta gero: ingeniaritza, garbiketa, eraikuntza, merkataritza, industria ekoizpena, osasungintza, marketina, ostalaritza, psikologia, informatika, gizarte arreta edo erizaintza.

Hurrengo egunetan parte hartzaile gehiago sar daitezke taldeetan; izan ere, izena emateko epea zabalik dago oraindik Laudioko anezkan, lau plaza baitaude hutsik.

Hautaketa prozesua gauzatu duten eta hurrengo hilabeteetan programaren kudeaketaz arduratuko diren teknikariek azaldu dute anezka bakoitza oso eskarmentu mota desberdineko talde heterogeneo batek osatzen duela, eta hasteko, talde bihurtu beharko dute, helburu bera lortzeko: elkarri laguntza ematea lanbide gaitasunak hobetzeko eta lan bilaketa proaktiboari eta koordinatuari ekiteko, lan aukera berriak izatearren. “Lana bilatzeko tekniken arloan eguneratu beharra dute eta orientazioa ere behar dute. Ikasteko gogoa dute, zeharkako gaitasunak hobetu nahi dituzte, curriculuma eguneratu eta elkarrizketetan hobeto aritu”, adierazi du Ana Belén Sánchezek, Gasteizko I. anezkako teknikariak.

“Lana bilatzeko modua hobetu nahi dute, bide egokia aukeratu, eta, horretarako, beren trebetasunak hobetu nahi dituzte eta lana topatzeko teknika berriak ikasi. Orientazioa nahi dute, bereziki curriculuma eguneratzeko, elkarrizketetan hobeto aritzeko, hobeto komunikatzeko eta haien marka pertsonala hobetzeko”, zehaztu du Irenek, Gasteizko II. taldeko teknikariak.

“Uste dute lan anezkak dauden egoeratik ateratzeko bultzada eta motibazioa emango diela, lan munduan birbideratzeko eta beste lan irteera batzuk aurkitzeko”, erantsi du Iratxek, Laudioko teknikariak.

Zer egingo dute enplegu anezketan?
Partaideak astean hiru egunetan bilduko dira Gasteizko eta Laudioko udalek lagatako lokaletan, eta enplegagarritasuna hobetzeko hainbat jarduera egingo dituzte: autoezagutzari eta adimen emozionalari buruzko tailerrak, komunikazio dinamikak, marka pertsonala eta curriculuma prestatzea, elkarrizketetarako trebakuntza, enplegagarritasun mapak egitea, enpresak bisitatzea eta bilerak egitea giza baliabideetako arduradunekin, laneratze osoa lortzeko.

Izena emateko epea zabalik
Arabako hiru anezketan izena emateko epea zabalik dago oraindik, eta programaren webgunearen bidez egin daiteke izapidea: http://lanzaderasdeempleo.es/formulario-de-inscripcion. Laudion plaza hutsak daude oraindik eta Gasteizko bi anezketan plaza gordetzeko eska daiteke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide