Babestutako edukiak

“Emakume elkarteei eta talde feministei aitortza egingo zaie topaketan”

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia 2019ko aza. 14a, 12:08

Okondo, Aiara eta Artziniegan jarduten du Miren Urresti Azpirik Berdintasun teknikari gisa. / Aiaraldea.eus

MIREN URRESTI AZPIRI (Ondarroa, 1969) Aiarako Kuadrillako Berdintasun teknikaria da. Ostiralean egingo diren Aiaraldeko Berdintasun topaketen eta Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna dela eta antolatutako gainontzeko jardueren inguruan mintzatu da.

Aiarako Kuadrillatik Airaldeko berdintasun topaketa antolatu duzue ostiralerako. Zer helburu izango ditu ekimenak?

Emakume elkarteei eta talde feministei aitortza egin eta egiten duten lana bistaratu nahi izan dugu. “Emakumeak saretzen” lemaren bidez laburbildu daiteke topaketaren xedea. Emakumeak, banan-banan aritu ordez, elkarrekin saretuta joatea. Hori da aurtengo topaketatik nabarmenduko genukeena.

Egun osoko egitaraua prestatu duzue.

Topaketak Neus Albertos Meriren hitzaldiarekin hasiko dira. Emakume elkarteek eta talde feministek jendartea eraldatzeko prozesuaren barruan duten garrantzia izango du hizpide. Nausek badu proiektu bat Artziniegako eta Menagaraiko emakume elkarteekin, emakumeak bistaratzea xede duena. Maria de Maezturen figura landu dute, eta eginiko lana erakutsiko digute topaketan.

Eskualdeko emakume elkarteekin bildu naiz topaketa honen antolakuntzan murgildu baino lehen. Elkarrizketak egin dizkiet eta euren ibilbidea modu laburrean jaso dut. Artikuluak osatu ditut Wikipedian jartzeko. Gauzak hala, artikulu horiek publikatzeko ere baliatuko ditugu topaketak. Elkarte bakoitzak bere artikulua sareratuko du.

Zer ondorio aterako zenuke emakume elkarteei eginiko elkarrizketa horietatik?

Eskualdean oso emakume elkarte indartsuak ditugula esango nuke, ibilbide luzekoak. Ekarpen handiak egin dituzte, eta ez soilik barrura begira, baita herrira eta Aiaraldera begira. Elkarteak toki aproposak izan dira emakumeen premiei aurre egiteko, informazioa lortzeko... erreferenteak direlako.

Talde asko daude Aiaraldean, eta denak dira oso indartsuak, ibilbide luzekoak eta jakintza handikiak. Oso antolatuta daude gainera, badakite zer eta nola nahi duten. Egia da gero jendearen parte hartzea bultzatzea zaila izaten dela eta hori emakume elkarteetan ere nabaritzen da.

Zer nolako harremana dago emakume elkarteen eta instituzio publikoen artean?

Bakoitza bere eremuan eragiten du, baina badago koordinazioa eta elkarlana, egun zehatz batzuen bueltan batez ere. Azaroaren 25eko egitarau guztiak egiten dira elkarte eta erakundeen artean. Koordinazioa eta kolaborazio etengabea dago urte guztian zehar, eta kanpaina zehatzetan ere mantentzen da.

Ostiraleko topaketez gain, zer beste ekimen dituzue esku artean?

Hilaren 22an Aiaraldeko Beldur Barik lehiaketaren sari banaketa egingo dugu Okondon. Bosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta harrera ona dauka. Hezkidetza proiektuen bitartez bideratzen dugu, ikastetxeekin elkarlanean. Gazteek indarkeria matxista detektatzea eta horri aurre egitea da Beldur Barik programaren helburua. Gazteek eskolen bitartez parte hartzen dute, eta modu horretan iristen zaizkigu ikus-entzunezko lanak. Aiaraldeko lehiaketara aurkezten diren lanak txapelketa globalean (EAEkoan) ere parte hartzen dute. Baina guk eskualdeko lanak saritzen ditugu.

Gazteekin batera familiak ere gerturatzen dira sari banaketara. Oso giro ona egoten da. Lan irabazleak proiektatzen ditugu bertan. Interesgarria da ikusten gazteek nola detektatzen dituzten indarkeria matxistak eta, batez ere, nola egiten dieten aurre taldean. Hori da interesatzen zaiguna: erantzuna ere kolektiboa izatea.

Horrez gain, indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideen gida banatuko dugu Artziniega, Aiara eta Okondon. Etxe guztietara helduko da, herritarrek jakin dezaten horrelako kasuetan nola jokatu eta zer baliabide dauden.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide