aiaraldea.eus

57 plaza aterako dira 2019ko oposizio-lehiaketara Enplegu Publikoaren eskaintzan

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia   Ekonomia

Hutsik dauden lanpostu hauek beteko dira: ekonomia eta zuzenbide arlokoak, Hizkuntza Normalizazioko teknikariak, Administrazio Orokorreko erdi mailako teknikariak, basozainak, gidariak eta Lankidetzako teknikariak. Hautaketa prozesua 2020ko bigarren erdialdean hasiko da.

57 plaza aterako dira 2019ko oposizio-lehiaketara Enplegu Publikoaren eskaintzan
Gaur prentsaurrekoa eskaini du Aldundiak lan eskaintza publikoa azaltzeko./ AFA | Ikusi handiago | Argazki originala

Foru Aldundiak 57 plaza betetzeko Enplegu Publikoaren Eskaintza (EPE) deituko du aurten, A taldeko 40 lanpostu huts betetzeko (14 ekonomia eta enpresa arlokoak, 11 zuzenbidekoak, Hizkuntza Normalizazioko 3 teknikarirenak, Lankidetzako 2 teknikarirenak eta Administrazio Orokorreko erdi mailako 10 teknikarirenak) eta C taldeko 17 lanpostu huts betetzeko (12 basozain eta 5 gidarirenak).

Deialdi horren oinarri orokorrak datorren urteko lehen seihilekoan onartuko direla aurreikusten da, hautaketa prozesua 2020ko bigarren zatian eta 2021eko lehen zatian gauzatzeko.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko diputatuak gaur egindako prentsaurrekoan aurkeztu du 2019ko EPEaren eskema, eta bihar aurkeztuko zaio Foru Gobernu Kontseiluari, onets dezan. Diputatuak nabarmendu duenez, “Horri esker, Aldundiaren plantilla egonkortu eta gaztetzeko eta, epe motzean eta ertainean, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko konpromisoa beteko dugu”.

"2019ko Enplegu Publikoaren Eskaintza ez da neurri puntual eta isolatu bat; aitzitik, aurreko legegintzaldiaren hasieran abian jarritako epe ertain eta luzeko estrategia baten barruan kokatzen da, langileen bitartekotasun tasa geldiarazteko eta egitura erakundearen beharretara eta herritarren eskaeretara eguneratzeko", gaineratu du.

Estrategia horrek beste fase bati ekingo dio orain, 2019ko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren deialdiarekin. Eskaintza hori bihar onetsiko da formalki, aurtengo azken Foru Gobernuaren Kontseiluan, eta 57 plaza izango ditu guztira.

Plaza horiei esker, goi mailako eta erdi mailako tituludunen A1 eta A2 taldeetako 40 lanpostu huts bete ahal izango dira, eta C1 eta C2 taldekoak. Lanbide kategorien arabera, honela banatzen dira:

  • --Ekonomia eta Enpresako tituludunen 14 plaza (A1).
  • --Zuzenbideko tituludunen 11 plaza (A1).
  • --Hizkuntza Normalizazioko teknikarien 3 plaza (A1).
  • --Lankidetzako kudeatzaile teknikarien 2 plaza (A1).
  • --Administrazio Orokorreko erdi mailako teknikarien 10 plaza (A2).
  • --Basozainen 12 plaza (C1).
  • --Gidarien 5 plaza (C2).


57 plaza horietatik 53 sistema ireki bidez esleituko dira, eta gainerako 4ak barne sustapeneko sistemaren bitartez. Gainera, 57 plazetatik 3, desgaitasuna duten pertsonentzat gordeko dira.

Lehen azterketak 2020an
Cristina Gonzalez diputatuak adierazi duenez, "Azken urteotan egin dugun bezala, 2019ko Enplegu Publikoaren Eskaintzak ahalik eta gehien aprobetxatzen du legez ezarritako birjartze tasa Zuzenbidearen eta Ekonomiaren arloetan sortutako lanpostu hutsak betetzeko, erretiro kopuru handia egon baita, eta basozainen eta Administrazio Orokorreko erdi mailako teknikarien arloak indartzeko".

"Hurrengo zehaztapenak datorren urteko lehen seihilekoan izango dira, oinarri orokorrak onetsi eta argitaratzeko asmoa dugunean, eta bigarren seihilekoan, izena emateko epea irekiko dugunean. Zenbait deialditako lehen azterketak 2020an zehar egiteko ideiarekin ari gara lanean ", adierazi du.

Gonzálezek adierazi duenez, EPEak urtero deitzeko estrategiak "jarraitutasuna eta iraunkortasuna" eskatzen du, datozen urteetarako aurreikusitako erretiro kopuru handia kontuan hartuta. Aurreko legealdian Aldundiko 175 langilek hartu zuten erretiroa, plantillaren % 20 inguruk, eta aurreikuspena da joera eta ehuneko horrek horrela jarraituko duela. Horregatik, urtero EPEak deitzen jarraituko dugu".

"Horrela, 2020an, deialdi berriak izango dira, baita adimen urritasuna duten pertsonentzako deialdi espezifiko bat ere, Foru Aldundiaren historian lehena", nabarmendu du.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru diputatuak uste osoa agertu du enplegu eskaintzen estrategia hori eta sindikatuekin elkarrizketa eta negoziazioa uztartzearen ondorioz lortuko dela "Foru plantilla egonkorragoa,
gazteagoa eta motibatuagoa, eta administrazio eraginkorrago bat, eta horren ondorioz, epe labur eta ertainean kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea".

Foru Gobernuak 180 plaza atera ditu oposizio lehiaketara aurreko legegintzaldiaren hasieratik, eta 2019ko EPEko 57 plazei gehituta, 237 plaza egiten dituzte guztira. "Balantze horren atzean lan handia dago: deialdiak, oinarri orokor
eta espezifikoak, gai zerrendak, azterketak, zuzenketak, errekurtsoak … Eskerrak eman nahi dizkiet Funtzio Publikoko Zuzendaritzako langile guztiei eta hori posible egin duten funtzionario guztiei ".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa