Arabako Foru Aldundiak beste urtebetez hobariak emango dizkie AP-68 eta AP-1 bidesaridun autobideak erabili ohi dituzten arabarrei, bidesarien kostua arintzeko helburuarekin. Programa horietarako baliabideak guztira 1,6 milioi euro izan ziren 2019an, eta 2.500 lagun inguru izan ziren onuradunak.
Gaur, Foru Gobernu Kontseiluak onetsi du AP-1 eta AP-68 autobideen diruz lagun daitezkeen tarteetako bidesarietarako hobarien deialdi publikoa, 2020rako, bai eta dagozkien aurrekontu esleipenak ere: lehenengo kasurako, 850.000 euro, baina zenbateko hori 1.400.000 euro arte handi daiteke; eta, bigarrenerako, 400.000 euro, 675.000 euro arte igotzeko aukerarekin.
Horrela, Arabako Foru Aldundiak jarraipena emango die laguntza programa horiei, uste baitu finkatutako politika sozial bat dela, Arabako herritar guztientzat irekia eta, gainera, batez ere egunero beren ikastegietara edo lanpostuetara joaten diren ikasle eta langileei onura ematen diena.
Bidesari sozialaren programa 2002. urtearen hasieran sortu zen eta haren helburua, hasiera batean, lanarengatik, ikasketengatik edo beste edozein arrazoirengatik AP68 autobidean sarri ibili behar zuten arabarrei hobariak ematea izan zen. Programa hau, geroago, Gasteiz eta Eibar lotzen dituen AP1 autobidea sarri erabiltzen dutenentzat zabaldu zen.
Betekizunak eta baldintzak
AP-1 autobidea sarri erabiltzen dutenek, 2020an ere, hileko tarifa laua edo gehienez ere 15 euro ordaintzea izango dute Etxabarri Dibiña - Eskoriatza tarteagatik, eta 75 euro, Etxabarri Dibiña - Maltzaga tarteagatik, hau da, autobidearen ibilbide osoarengatik.
Bestalde, AP-68 autobidea sarri erabiltzen dutenek bidesariaren prezioaren % 60ko hobaria izan ahalko dute (BEZa barne), hilean 15 bidaia baino gehiago egiten badituzte.
Arabat-Arabako Bideak foru sozietatearen ardurapeko hobari programa horien onuradun izateko Araban izan behar da egoitza eta teleordainketa sistema ibilgailuan.