Arabako Ogasunak tresna berriak prestatu ditu errenta aitorpena linean errazago egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia 2020ko api. 17a, 14:42

Foru Aldundiaren Laudioko bulegoa, artxibo irudi batean.

Itziar Gonzalok aitorpena etxeko ordenagailutik egitera animatu ditu arabarrak. Ogasunak beste aukera bat ere eman du: Rentafacil onartzea B@K bidez, eskutitza etxera noiz iritsiko zain egon gabe. Kanpaina honetan itzulketa gehiago eta diru sarrera gutxiago egongo da, kenkari eta murrizketek % 1,5 gora egin izanaren ondorioz.

Osasun krisiak errenta kanpainari ere eragin dio; izan ere, aurrez aurreko arreta irailera atzeratu da. Hala ere, Arabako Foru Ogasunak tresna informatiko berriak prestatu ditu arabarrek aukera izan dezaten aitorpena egiteko uda ostera itxaron beharrik gabe. Besteak beste, nabarmentzekoa da B@K elektronikoki identifikatzeko bitartekoa; erraz eskura daiteke araba.eus webgunean, eta aukera emango die zergadunei aitorpena egiteko beren ordenagailu, tableta edo mugikorretik, etxetik mugitu beharrik gabe. “Uste dut kanpaina honetan modua izango dela hedatzeko Rentared modalitatea, alegia, lineako errenta aitorpena. Erraza, azkarra eta segurua da”; hitz horiekin animatu ditu arabarrak Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak, kanpainaren aurkezpenean. 2019ko errenta kanpainako beste berritasun garrantzitsu bat da aukera izango dela Rentafácil ordenagailutik ikusi eta onartzeko, eskutitza noiz iritsiko zain egon beharrik gabe. “Gaur egungo egoeraren ondorioz eskutitzak, beharbada, atzerapenarekin irits daitezkeela aurreikusita, B@K tresnaren bidez jarduteko aukera prestatu dugu; horri esker, zergadunek aukera izango dute beren Rentafácil aitorpena onartzeko kanpainaren hasieratik bertatik”, jakinarazi du Gonzalok.

Rentafacil: eskutitz kopuruaren markak hautsi dira
Halaber, diputatuak nabarmendu du aurten aurrez egindako aitorpenen bidalketa kopuruak markak hautsi dituela. Guztira 122.282 aitorpen zirriborro (Rentafacil) bidali ditu Ogasunak aurten Arabako etxeetara, iaz baino 7.264 gehiago; “Ogasuna etengabe saiatzen da zergadunei gauzak gero eta gehiago errazten”.

Aitorpena kudeatze eta aholkularitza bulegoetan edo finantza erakunde laguntzaileetan egiteko Rentaraba modalitateari dagokionez, epea irekita dago eta urriaren 30ean bukatuko da.

Ogasunari egin beharreko ordainketak azarora atzeratuko dira
Jakitun izanik zergadun askoren diru sarreretan eragina izan duela gaur egungo krisiak, Foru Ogasunak erabaki du itzulketak egiteko gehieneko 48 orduko epea mantentzea. Baina aitorpen positiboen zordunketak azaroaren 20ra atzeratuko ditu. “Arabako familiei oxigeno puxika bat eskaini nahi diegu hilabete hauetan”, azaldu du Gonzalok.

Arabako Foru Ogasunak guztira 132,4 milioi euro itzuliko dizkie 126.618 arabarri (1.046 euro, batez beste); eta 94 milioi euro jasoko ditu 43.615 zergadunengandik (2.155 euro, batez beste). Hau da, saldo garbia -38,5 milioi euro da. Iaz baino 9 milioi euro gutxiago biltzea aurreikusi da, batez ere murrizketetan eta kenkarietan izandako % 1,5eko eguneratzearen ondorioz (deflaktazioa). “Itzulketa gehiago eta sarrera gutxiago izango da”, laburbildu du foru arduradunak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide