Gasteizko enplegu anezkek (2) eta Laudiokoak topaketa birtuala egin dute, elkarren artean partekatzeko lan bilaketa aktibo, berritzaile eta lankidetzazkoan ibili diren lehen hilabete hauetan izandako esperientzia. Topaketan parte hartu dute Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak eta Natalia Serrano Santa Maria la Real Fundazioko Enplegu eta Ekintzailetza zuzendariak, eta helburuei “eustera” animatu dituzte talde horietako emakumeak eta gizonak.
Iragan abendutik hona, langabezian zeuden guztira 65 arabarrek hartu dute parte Arabako enplegu anezketan, eta haietako % 29 lanean ari dira dagoeneko zerbitzuen sektoreko eta industria sektoreko enpresetan, zehazki programaren erdira iritsi diren honetan. Beraz, anezketako parte hartzaileen kopuruak behera egin du pixkanaka, haietako kideak lan merkatura sartzen joan diren neurrian, eta une honetan 47 dira parte hartzaileak.
Cristina Gonzálezek babesa eta adorea helarazi die Gasteizko eta Laudioko enplegu anezketako kideei, eta zera nabarmendu du programari buruz: “Azken lau urteetan lortutako emaitza onen bermea du, batez beste % 60ko laneratze tasa izan baita. Egia da gaur egungo ekonomia eta lan egoera zaila dela osasun krisiaren ondorioz, baina hain zuzen arrazoi hori dela eta behar ditugu gaur, inoiz baino gehiago, lan merkatuan pandemiaren eragina arintzen laguntzeko neurri eraginkorrak.”
“Berriz ere lankidetzan arituko gara Arabako Aldundiarekin enplegu anezka gehiago bultzatzeko, hain zuzen sendotu egiten baitituzte probintzian langabezian dauden pertsonen gaitasun eta trebetasun pertsonalak, profesionalak eta digitalak, eta lagundu egingo baitiete enplegagarritasuna hobetzen eta lana aurkitzeko aukerak areagotzen. Orain, inoiz baino beharrezkoagoa da lan egitea, lankidetzaren bidetik laguntzen jarraitzeko aldaketa bete-betean eta gaur egungo egoerak dituen zailtasunekin lan merkatura sartu nahi dutenei”, nabarmendu du Natalia Serranok.
Gonzálezek eta Serranok bideokonferentzia bat egin dute gaur goizean Gasteizko enplegu anezketako (2) eta Laudioko anezkako partaideekin, haiek ezagutzeko eta jakiteko zer jarduera egin dituzten lehen hilabete hauetan eta zer ekintza aurreikusi dituzten hemendik apiril bukaerara bitartean, lan merkatu berriarekin bat datozen teknika berrien bidez lana bilatzeko prozesua berraktibatzeko. Felipe García Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren zuzendariak ere parte hartu du topaketa birtual
horretan.
Askotariko jarduerak
Gasteiz I, Gasteiz II eta Laudioko enplegu anezken arduradunek, Ana Belén Sánchez, Irene Rodríguez eta Iratxe Carriónek, hurrenez hurren, 47 parte hartzaileak aurkeztu dituzte: 32 emakume eta 15 gizon, 23 urtetik 59 urtera artekoak, prestakuntza maila desberdinak dituztenak (ikasketarik gabeak, oinarrizko hezkuntza, lanbide heziketa eta unibertsitate ikasketak). Batzuek lehenengo lana aurkitu nahi dute, eta beste batzuk beste lan aukera baten bila ari dira, hainbat sektoretan urteetako esperientzia izan ondoren, hala nola administrazioan, arlo soziosanitarioan, merkataritzan, giza baliabideen arloan, bezeroen arretan edo logistikan.
Zenbait parte hartzailek hitza hartu dute, beren lan bilaketa berraktibatzeko anezkan egiten dituzten jarduerak azaltzeko: autoezagutza eta adimen emozionaleko lantegiak lana bilatzeko plan bat egiten eta helburuak bideratzen ikasteko, curriculumen eguneratzea eta gaurkotzea, lan elkarrizketen simulazioak eta talde aukeraketako prozesuak. Gainera, datozen hilabeteetan, komunikazioko, marketingeko eta marka pertsonaleko teknika berriak ikasiko dituzte, enplegagarritasun mapa bat egingo dute eta enpresekin harremanetan jarriko dira.
Arabako Foru Aldundiak guztira 115.000 euro bideratuko ditu Gasteizko eta Laudioko enplegu anezkak garatzera, eta Santa Maria la Real Fundazioa haiek antolatu eta gauzatzeaz arduratuko da. Hiru enplegu anezka horiek Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak langabeziaren aurka borrokatzeko daukan estrategiaren zati bat dira. Estrategia horren finantzaketan Lanbidek ere parte hartzen du, eta aurrekontua 500.000 eurokoa da.