Arabako Foru Aldundiak eta Santa María la Real Fundazioak beste hiru enplegu anezka abian jarriko dituzte urri bukaeran, Gasteizen (2) eta Laudion, Arabako 60 langabeturi baliabide eraginkor bat eskaintzeko, lan bat aurkitzeko aukera hobetze aldera. Izena emateko epea irailaren 19ra arte egongo da irekita.
Modu horretan, bi erakundeek berriz ere editatuko dute elkarren arteko lankidetza, aurreko bost edizioetan lorturiko emaitza onen ondoren. Lana aktiboki bilatzeko talde hauetan 320 arabarrek baino gehiagok parte hartu dute, 2016tik, eta haietatik % 60 inguruk besteren konturako lanpostu bat aurkitu dute, euren negozioa martxan jarri dute edo profesionaltasun ziurtagiriak egin dituzte lan praktika eta guzti.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, proiektu hori abian jarri den estrategia integral baten barruan sartzen da, zeinaren helburua baita “pixkanaka krisiaren aurreko enplegu mailetara itzultzea”, eta barnean hartzen ditu kontrataziorako, langabeen prestakuntzarako eta LH sustatzeko zenbait laguntza programa. “4.000 enplegu baino gehiago berreskuratu ditugu azken hamabi hilabeteetan; bide onean goaz, baina oraindik bidea dugu egiteko”.
“Eta enplegu anezkak tresna baliotsuak eta eraginkorrak dira. Emaitza onak ematen dituzte urtetik urtera, eta helburu horretarantz urrats gehiago egiten lagunduko du, zalantzarik gabe”, erantsi du.
Arabako hiru enplegu anezka berriak urri erdialdean jarriko dira abian, eta bost hilabeteko iraupena izango dute, 2022ko martxo erdialdera arte. Anezka bakoitzean 20 parte hartzaile egongo dira, eta astean zenbait egunez bilduko dira era birtualean, hainbat aplikazio informatikoren bitartez, eta era presentzialean, Gasteizko eta Laudioko udalek lagatako instalazioetan. Haietan, beharrezkoak diren higiene, segurtasun eta gizarte urruntze neurri guztiak beteko dira.
Jarduerak
Lan arloan espezializatutako teknikariek orientazioa eskainiko diete parte hartzaileei, eta bideratu egingo dituzte haien enplegagarritasuna hobetzeko eta laneratzea bultzatzeko, tresna digitalak, lan ibilbideak eta enpresetako giza baliabideen arduradunekiko harremanak baliatzearen bitartez. Hortaz, besteak beste, adimen emozionaleko dinamikak egingo dituzte, lan prospekzioko plan bat egingo dute eta beren lan helburua fokalizatuko dute.
Lan bilaketa aktiborako talde horiek beste jarduera hauek ere egingo dituzte: curriculumak eguneratu eta lan elkarrizketen simulazioak egin, enplegagarritasun mapak egin eta enpresekiko harremanak planifikatu eta gauzatu.
Programan doan eta borondatez parte hartu nahi duten pertsonek irailaren 17 arte eman dezakete izena www.lanzaderasdeempleo.es webgunean, edo aurrez aurre, herri bakoitzean gaitu diren bulegoetan:
GASTEIZ
Ignacio Ellacuría udal ikastegia (Castro Urdiales kalea, 10-12)
Telefonoa: 945 161 860
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara
LAUDIO
Laudioko Udaleko Tokiko Garapen Agentzia
ARZA eraikina (Hirugurutzeta kalea)
Telefonoa: 944 034 980
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:30era