Gasteizko enplegu anezkak (2) eta Laudiokoa abian jarri dira langabezian dauden 41 arabarren parte hartzearekin. Hain zuzen, teknikari espezializatu baten laguntzarekin, datozen hilabeteetan berriz ekingo diete lana bilatzeari, lan orientazioko teknika berriekin eta gaur egungo lan merkatura egokitutako tresna digital berriekin.
Hiru anezketan badago tokia oraindik. Proiektu horren batez besteko laneratze tasa % 60koa da, eta bertan parte hartu nahi duten langabetuek izena eman dezakete linean, www.lanzaderasdeempleo.es web atariaren bidez, edo aurrez aurre, horretarako prestatutako toki hauetan: Gasteizko Ignacio Ellacuría udal ikastegia eta Laudioko Tokiko Garapen Agentzia (Arza eraikina).
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuaren arabera, programa horren bost edizioetako emaitzek erakusten dute anezkek funtzionatzen dutela, eta enplegurako beste politika aktibo batzuek baino laneratze tasa handiagoak eskaintzen dituzte. “Arabako langabetuek tresna honetatik etekina ateratzea nahi dugu, ikusgarritasuna izan dezaten, harreman sareak sor ditzaten, enpresetara bisitak egin ditzaten eta lan bilaketan laguntza dutela senti dezaten”.
Arabako enplegu anezkak Arabako Foru Aldundiak eta Santa Maria la Real Fundazioak egin duten ekimena da, Lanbiderekin eta Gasteizko eta Laudioko udalekin lankidetzan.
Gasteizko eta Laudioko enplegu anezkak abian jarri dira 41 parte hartzailerekin: langabezian dauden 27 emakume eta 14 gizon dira partaideak; 24 eta 60 urte bitartekoak dira denak, eta prestakuntza maila desberdinekoak (DBH, lanbide heziketa, batxilergoa eta unibertsitate ikasketak). Haietako batzuk lehen lanaren bila ari dira; beste batzuk, ordea, beste lan aukera bat lortu nahi dute, hainbat sektoretan urteetako esperientzia pilatu ondoren.
Enplegu anezkek formatu mistoa dute, hau da, bateratu egiten dira saio birtualak, zeinak zenbait aplikazio eta programa informatikoren bitartez egiten baitira, eta aurrez aurreko saioak. Aurrez aurrekoak Gasteizko eta Laudioko udalek lagatako lokaletan egiten dira, talde txikietan, pandemiaren ondorioz ezarritako segurtasun, higiene eta distantzia sozialeko neurri guztiak betez.
Lan arloan espezializatutako teknikariek orientazioa eskaintzen diete parte hartzaileei, eta bideratu egingo dituzte, haien enplegagarritasuna hobetzeko eta laneratzea bultzatzeko, tresna digitalak, gailu digitalak, lan ibilbideak eta enpresetako giza baliabideen arduradunekiko harremanak baliatzearen bitartez. Hortaz, besteak beste, adimen emozionaleko dinamikak egingo dituzte, lan prospekzioko plan bat egingo dute eta beren lan helburua fokalizatuko dute.
Lan bilaketa aktiborako talde horiek beste jarduera hauek ere egingo dituzte: curriculumak eguneratu eta lan elkarrizketen simulazioak egin, enplegagarritasun mapak egin eta enpresekiko harremanak planifikatu eta gauzatu.
“Parte hartzaileetako askok orientazio prozesuak edo ikastaroak egin dituzte, baina ez hain trinkoak eta luzeak. Tresnak eskatzen dituzte lana bilatzeko eta enpresekin harremanetan jartzeko, laneko elkarrizketetarako konfiantza hartzeko, curriculuma hobetzeko eta beren lan ibilbidea birbideratzeko”, azaldu dute Anabela Runa eta Itsaso Bikandi Gasteizko bi anezken arduradunek.
“Gehienek lana beste modu batean bilatzen ikasi nahi dute, orain arte egindakoak ez dietelako emaitza positiborik eman. Era berean, lan merkatua ezagutu eta lan arloan duten helburua betetzen lagun diezaieketen prestakuntza baliabideak aztertu nahi dituzte”, erantsi du Mikel García Laudioko enplegu anezkaren arduradunak.
Plaza libreak
Oraindik plaza libreak daude hiru anezketan. Programa guztiz borondatezkoa eta doakoa da, eta aurreko edizioetan batez beste % 60ko izen ematea lortu da. Bertan parte hartu nahi duten langabetuek izena eman dezakete linean, www.lanzaderasdeempleo.es web atariaren bidez, edo aurrez aurre, hiri bakoitzean horretarako prestatutako toki hauetan:
GASTEIZ
Ignacio Ellacuria Udal Ikastegia
(Castro Urdiales kalea, 10-12)
Telefonoa: 945 161 860
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.
LAUDIO
Laudioko Udaleko Tokiko Garapen Agentzia
ARZA eraikina (Irukurutzeta kalea)
Telefonoa: 944 034 980
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:30era.