Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) Administrazio Kontseiluak —Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailaren menpeko erakunde autonomoa da GOFE— desgaitasun egoera aitortuta daukaten pertsonei eta garapen nahasmenduak dituzten 0 eta 6 urte bitarteko adingabeei zuzendutako banakako laguntzen 2022ko deialdia onetsi du.
Laguntzen aurrekontua 300.000 eurokoa da aurten, aurreko ekitaldian baino % 14 handiagoa, eta irekita dago eskaerak aurkezteko epea irailaren 15era arte, egun hori barne.
Laguntzen xedea da onuradunen bizi kalitatea hobetzea, desgaitasun egoeran egoteak pertsona horiei sortzen dizkien beharrak asetzea, eta beren autonomia, garapen pertsonala eta gizarteratzea sustatzea. Horretarako, hauetako bat emango zaie: laguntza produktu baten erabilera lagapena, edo laguntza ekonomiko bat halakoak eskuratzeko, ohiko etxebizitzan edo ibilgailu partikularrean egokitzapenak egiteko edo arreta goiztiarreko laguntza espezializatua jasotzeko. Iaz, guztira 199
pertsonak jaso zituzten laguntzak.
Aurrekontua handitzeaz gain, deialdi honen berrikuntzetako bat da dirulaguntzak eskatzeko epea luzatu dela; hain zuzen, urtean zortzi hilabetez egongo da irekita. Sartu den beste berritasun bat da, garapenaren nahasmenduak dituzten 0 eta 6 urte bitarteko adingabeen arreta espezializatuan, ordainketa partzialen egiaztagiriak aurkeztu ahal izango direla urtean zehar, gastu horiek deialdiaren aldia amaitu baino lehen kobratu ahal izateko.
Deialdi horretarako, aurten ere Autonomia Pertsonaleko Zentroaren Informazio eta Aholkularitza Zerbitzuaren orientazioko txosten teknikoa eskuratu beharko da.
2021eko irailaren 16tik aurtengo abenduaren 30era bitartean erositako edo gauzatutako laguntzak finantzatuko dira. Garapen nahasmendua duten 0-6 urteko adingabeen arreta gastuen kasuan, epea 2021eko irailaren 16tik 2022ko azaroaren 30era bitartekoa izango da.
Diruz lagundutako laguntzen katalogoa
Diruz laguntzeko moduko laguntzen katalogoan, ohiko etxebizitzarako irisgarritasuna ahalbidetzen dutenak sartzen dira; hau da, arkitektura oztopoak kentzeko laguntzak, hala nola igogailuak jarri edo aldatzea, arrapalak egitea, jasogailuak jartzea, 0 kotako igogailuak jartzea atarietan, edo etxebizitzako
bainugelak, ateak eta korridoreak egokitzea.
Diruz lagunduko dira, halaber, etxeko lanak egiteko laguntza produktuak eta norbere zaintzarakoak, baita komunikazioa eta informazioa ahalbidetzeko produktuak ere, hala nola
betaurrekoak, lentillak, audiofonoak edo Braillez idazteko ekipoak. Halaber, diruz laguntzeko moduko produktuak dira norbere mugikortasunari laguntzen dioten produktuak, hala nola gurpil aulkiak eta ohe artikulatuak, eta ibilgailuak egokitzea, besteak beste.
Bukatzeko, diruz lagundu ahalko dira fisioterapia, logopedia eta estimulazio orokorreko zerbitzuak, baldin eta garapenaren arazoak dauzkaten edo izateko arriskuan dauden haurrentzat badira, organo eskudunak hala baloratu badu eta onuraduna ezin bada joan GOFEk Gasteizen ematen duenzerbitzura.