Arabako Foru Aldundiak eta Santa María la Real Fundazioak beste hiru enplegu anezka jarriko dituzte abian Gasteizen (2) eta Laudion, Arabako 60 langabeturi baliabide eraginkor bat eskaintzeko, lan bat aurkitzeko aukera hobeak izan ditzaten. Izena emateko epea azaroaren 11ra arte egongo da irekita.
Horrela, bi erakundeek langabeziaren aurkako borrokan duten konpromisoa indartu dute, eta beren lankidetza errepikatuko dute, programa honen aurreko sei edizioetan lortutako emaitza onak ikusita. Lana aktiboki bilatzeko talde hauetan 307 arabarrek parte hartu dute 2016tik, eta haietatik % 63 inguruk besteren konturako lanpostu bat aurkitu dute, euren negozioa martxan jarri dute edo profesionaltasun ziurtagiriak lortu dituzte lan praktika eta guzti.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, proiektu hau estrategia integral baten barruan sartzen da, enplegua sortzea eta enpleguaren kalitatea hobetzea bultzatzeko zuzendua. Estrategia horren ardatzak dira langabezian dauden arabarrak kontratatzeko laguntzak eta prestakuntza eskaintza sendoa ematea, eta Lanbide Heziketa sustatzea. “Estrategia horrek arreta berezia eskaintzen die kolektibo ahulenei, hala nola emakumeei eta 45 urtetik gorakoei”.
“Pandemiaren aurreko enplegu maila berreskuratu ondoren, ahalegin guztiak egin behar ditugu maila hori finkatzeko eta aurrera egiten jarraitzeko, eta enplegu anezkak tresna baliotsuak dira. Horrez gain, urtero izan dituzte emaitza onak eta, zalantzarik gabe, eta helburu horretarantz urrats gehiago egiten lagunduko dute”, erantsi du.
Arabako hiru enplegu anezka berriak azaroaren bigarren hamabostaldian jarriko dira abian, eta bost hilabeteko iraupena izango dute. Anezka bakoitzean 20 partaide egongo dira, eta astean zenbait egunetan era birtualean bilduko dira, hainbat aplikazio informatikoren bitartez, bai eta era presentzialean ere, Gasteizko eta Laudioko udalek lagatako instalazioetan.
Jarduerak
Lan arloan espezializatutako teknikariek orientazioa eskainiko diete partaideei, eta gidatu egingo dituzte haien enplegagarritasuna hobetzeko eta laneratzea indartzeko, tresna digitalak (aplikazioak, sare sozialak …), lan ibilbideak eta enpresetako giza baliabideen arduradunekiko harremanak baliatzearen bitartez. Hortaz, besteak beste, adimen emozionaleko dinamikak egingo dituzte, lan prospekzioko plan bat egingo dute eta beren lanbide helburua fokalizatuko dute.
Lan bilaketa aktiborako talde horiek beste jarduera hauek ere egingo dituzte: curriculumak eguneratu eta lan elkarrizketen simulazioak egin, enplegagarritasun mapak egin eta enpresekiko harremanak planifikatu eta gauzatu.
Doako eta borondatezko programa honetan parte hartu nahi duten pertsonek azaroaren 11ra arte eman dezakete izena www.lanzaderasdeempleo.es webgunean, edo aurrez aurre, herri bakoitzean gaitu diren bulegoetan:
GASTEIZ
Ignacio Ellacuria udal ikastegia
(Castro Urdiales kalea, 10-12)
Telefonoa: 945 161 860
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara
LAUDIO
Laudioko Udaleko Tokiko Garapen Agentzia
ARZA eraikina (Irukurutzeta kalea)
Telefonoa: 944 034 980
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:30era