Foru Aldundiak Aiara Industrial Lab abian jartzea onetsi du, Aiarako Kuadrillarekin eta Laudioko eta Amurrioko udalekin lankidetzan

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia 2022ko ira. 14a, 10:00

Refor enpresaldean kokatuko da egitasmoa./ Aiaraldea.eus

Zentroa Amurrioko Refor eraikinean kokatuko da, eta ekonomia sustatzeko agentzien jarduerak babestea izango du helburu, enpresa berriak sortzen laguntzeko eta Aiaraldeko jarduera bultzatzeko.

Foru Gobernu Kontseiluak gaur goizean onetsi du asmo akordio bat sinatzea Aiarako Kuadrillarekin eta Laudioko eta Amurrioko udalekin, Aiara Industrial Lab Berrikuntza Zentroa abian jartzeko. Zentro horren egoitza Amurrioko Refor eraikinean egongo da, eta milioi bat euroko zuzkidura ekonomikoa izango du.

Zentroaren helburua da Aiaran ekonomia sustatzeko jarduerak egiten dituzten agentzien sinergiak bateratzea (Amurrio Bidean, Laudio Hazi eta Aiarako Kuadrillako Ekonomia Sustatzeko Zerbitzua), Araba Garapen Agentziarekin lankidetzan, enpresa ekimen berriak dinamizatzeko eta Aiarako eskualdera erakartzeko.

Aiaraldeak enpresa handi ugari ditu, batez ere, hodien, beiraren, automobilaren osagarrien, trenbideen, paperaren eta zuraren transformazioaren sektoreetan. Sektore horien inguruan, beren jarduerarekin lotutako enpresa ugari biltzen dira.

Ekosistema horrek jarduera berriak sustatzen laguntzen du, eta bat egiten du Gasteizko eta Bilboko metropoli eremuen artean kokatzeak dakarren potentzialarekin eta eskualdeko zentro logistikoetatik (Bilboko portua, Jundiz eta Gasteizko aireportua) hurbil egotearekin, baita nekazaritzako elikagaien eta turismoaren sektoreak garatzeko potentzialarekin ere.

Arabako Foru Aldundiak egindako Berehalako Jarduera Planak (BJP) eskualdean indargune horiei lotutako berrikuntza eta ekintzailetza sustatzeko ekimenak garatzeko aukera identifikatu du, eta Aiara Industrial Lab Berrikuntza Zentroaren inguruan egituratzea proposatu du. Zentro hori startup-ak eta Aiaraldeko ekosistema industrialarekin lotutako jarduerak sortzera, inkubatzera eta azeleratzera
bideratuta dago.

Aiara Industrial Lab A1 lerroko (Industria Modernizatzea eta Lurzoruak eta Eraikin Industrialak Berreskuratzea) bost jardueretako bat da, Aiaraldeko Berehalako Jarduera Planeko Ekonomia Suspertzeko eta Industria Dinamizatzeko ardatzean sartuta.

Asmo akordioak lau urteko indarraldia izango du hasieran. Aiara Industrial Labek baliabide hauek eskainiko ditu:

  • Berrikuntza sistema ireki bat garatzeko zerbitzu aurreratuak
  • Ekintzaileen, barne ekintzailetzaren eta startup-en garapenerako aholkularitza eta laguntza
  • Enpresa ekimen berriei laguntza estrategikoa, finantzarioa eta komertziala ematea
  • Eskualdeko behar espezifikoetara bideratutako prestakuntza 

Eragile aktiboekin koordinatuta lan egingo du tokiko ingurunearen sustapen ekonomikoan, baliabide publiko zein pribatuen osagarritasuna eta optimizazioa bilatuz.

Aiara Industrial Lab Zentroa eskualdeko enpresekin eta eragile ekonomikoekin elkarlanean arituko da, foro eta lantalde espezifikoen bidez, eskualdeko jarduera ekonomikoa indartzera bideratutako beharrak eta konponbideak identifikatzeko.

Gobernu Kontseiluak gaur onetsitako akordioan adierazten denez, Araba Garapen Agentzia arduratuko da milioi bat euroko zuzkidura ekonomikoa kudeatzeaz. Zuzkidura hori zentroko jardueretarako Berehalako Jarduera Planean jasotzen da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide