Foru Gobernu Kontseiluak atzoko bileran onetsi du Laudion higiezin bat edo batzuk eskuratzeko lizitazioa, Aiarako Kuadrillan desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako egoitza bat eta eguneko zentro bat hartzeko bertan. Baliabide berriak 16-18 plaza izango ditu lagundutako etxebizitzan, eta 15 plaza eguneko zentroan.
Baliabide berri horiek kolektibo horietako pertsona gehiagori eman ahal izango diete arreta; izan ere, eskualdean dauden etxebizitza lagunduak ahalik eta gehien okupatuta daude, eta kuadrillako herrietan ez dago eguneko zentrorik.
Higiezina erosteko gehieneko prezioa 2.175.000 milioi euro izango da, eta zati handi bat Next Generation EU funtsek finantzatuko dute, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, eta baita Aiaraldea Eskualderako Berehalako Jarduera Planagatik ere. Esleitzeko irizpide gisa, prezioaz gain, higiezinaren berezko ezaugarriak baloratuko dira, zehazki, herri barruan kokatuta egotea eta lortu nahi den helbururako egokia izatea.
Horrela, dagoeneko berrituta dagoen higiezin bat erosi nahi da, giltza eskura, proiektuaren beharretara egokitua eta bi baliabideak batera hartzeko modukoa. Beste irizpide bat da Laudioko erdigunean kokatuta egotea, aukera eman dezan, alde batetik, adimen desgaitasuna duten erabiltzaileak komunitatean integratzeko, eta, bestetik, azpiegiturez baliatzeko eta zonako zerbitzuetan jarduerak egiteko.
Gainera, erabiltzaileen ezaugarriak kontuan hartuta, irisgarria izan beharko du, eta eguneko zentrorako sarbideak zuzena izan beharko du, kaletik bertatik.