Zentroetako langileek aplikazio bat kontsultatu ahal izango dute, non zehaztuta agertuko baitira 300 plateren errezetak, kantitateak, aurkezteko iradokizunak, nutrizio konposizioa eta alergeno azterketa.
Foru egoitzen eskaintza gastronomikoa homogeneizatu egin da, menuetako nutrizio eta alergeno kontrola bermatzeko.
Adinekoentzako foru egoitzen eta eguneko zentroen erabiltzaileek eskaintza gastronomiko homogeneizatua dute jada, 300 plater ingurukoa, menuetako nutrizio kontrola eta alergeno kontrola bermatzen duena. Horretarako, aplikazio informatiko bat garatu da. Aplikazio horretan adierazten den plater bakoitzarekin batera haren errezeta, kantitateak, aurkezteko iradokizunak, nutrizio konposizioa eta osagai guztien alergeno azterketa zehazten dira.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE) urrats bat gehiago eman du egoitzetako sukaldeek eskaintzen duten sukaldaritza proposamena sustatzeko konpromisoan. Proposamen horren bidez adinekoen osasuna zainduko da elikadura orekatuan egon behar duten osagai eta mantenugaiak erabilita, eta, aldi berean, janariaz gozatzera bultzatuko da, plater gustagarrien eskaintza batekin.
Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak, Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatua lagun duela, Ajuria egoitzan bertatik bertara ezagutu du foru zentroetako nutrizio eta sukaldaritza eskaintza berria. Eskaintza horrek adinekoen esperientzia hobetzea dakar, otorduak baitira egunerokoan gehien baloratzen dituzten alderdietako bat.
GOFEk urteak daramatza egoitzetan eskaintzen diren menuak aztertzen, foru zentroetako sukalde bakoitzean prestatzen diren proposamen gastronomikoak bateratzeko. Lan horretan parte hartu dute foru erakundearen Adinekoen eta Antolamenduaren arloek, Indesak, eta sukaldeko profesionalek, bai eta zentroetako arreta zuzeneko osasun taldeek ere, erabiltzaileen lehentasunei eta zerbitzuaren hobekuntzari buruzko informazioa eman baitute.
Zentroetako langileek aipatutako tresnak ematen duen nutrizio informazio guztia kontsulta dezakete, eta menuak erabiltzaile bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen direla kontrolatuko dute. 300 platerak txandakatuz joango dira urtean zehar, sasoiko produktuak kontuan hartuta.
Erabiltzaileek menuak baloratu ahal izango dituzte; horrela, plateren onarpenaren jarraipena egin egin, eta ondoren aldaketak egin ahal izango dira, beharrezkoa izanez gero. Tresna berri horren ondorioz, elikagai gutxiago galduko da alferrik eta lehengaien eskaerak arrazionalizatuko dira.
Joan den urritik hona, egoitza hauetan menuak pixkanaka-pixkanaka bateratzen joan dira: Nuestra Señora de las Viñas (Oion), Lakua, Ajuria, Armuruko San Antón (Amurrio), Zadorra. San Roke (Laudio), Sallurtegi (Agurain) eta Txagorritxu
Adinekoentzako foru egoitzetako eta eguneko zentroetako elikaduraren arloko hobekuntza horiek erronka berriekin osatuko dira, eta GOFE dagoeneko lanean ari da erronka horietan. Horrela, plater testurizatuak ezartzeari ekin dio, irensteko arazoak dituzten adineko erabiltzaileentzat pentsatutako modalitate bat, Oiongo egoitzan jada eskaintzen dena. Horrez gain, arian-arian handituz joango dira foru egoitzetako sukaldeetan egingo diren inbertsioak eta baliabide horniketak.