Arabako Foru Aldundiak 2,7 milioi euro inbertituko ditu Laudioko Lamuza jauregiaren barrualdearen zaharberritze, egokitze eta irisgarritasun lanetan, laudioarrei kultura, hezkuntza eta prestakuntza jarduerak garatzeko gune enblematiko, eroso eta praktikoa eskaintzeko.
Foru Gobernu Kontseiluak Blasgon-Valuarte aldi baterako enpresa elkarteari adjudikatu dizkio gaur esku hartze horren obrak, 2.739.406 euroan (BEZa barne) eta 18 hilabeteko epean. Obrak datorren udaberrian hasiko dira eta 2024ko udazkenean amaituko dira.
Zaharberritze proiektuak hainbat esku hartze aurreikusten ditu ia 4.000 metro koadroko eraikin horren funtzionaltasuna eta irisgarritasuna hobetzeko, kontuan hartuta herritarrek hezkuntza eta kultura jardueretarako zentro gisa erabiliko dutela. Esku hartze horien lehen helburua banaketa hobetzea da, jauregiaren hegalak lotuko dituzten eta eraikinari ikuskera bateratua emango dioten ibilbide berriekin.
Funtsezko helburuetako bat da Lamuza jauregia eraikin guztiz irisgarri bihurtzea igogailu berri baten bidez, desnibelak kenduz, zoladura batzuen kota aldatuz, arrapala txikiak erabiliz eta mugikortasun urriko pertsonentzako komun irisgarri berriak eraikiz. Proiektuak, gainera, ardatz-korridore handi bat proposatzen du, jauregiaren mutur bat bestearekin lotzeko.
Esku hartzearen ardatzak izango dira, era berean, baliozko elementuak eta apaingarriak zaharberritzea (zurezko eskailerak eta burdina forjatuzko barandak, estaldura zeramikoak, tximiniak, ate batzuk, etab.); gelak hobetzea zoladurei, hormei eta sabaiei dagokienez; instalazio elektrikoak, iturgintzakoak, segurtasunekoak eta berokuntzakoak eguneratzea; eta kontsumo txikiko aparatuekin argiztapena berritzea.
Era berean, lan horiek Kristalen Aretoa deiturikoa biziberrituko dute. Espazio berezi horrek bere izaera unitarioari eutsiko dio, harreretarako, aurkezpenetarako eta erakusketetarako ... areto gisa Erabilerei dagokienez, proiektuak eutsi egiten die irakaskuntzari, prestakuntzari eta kulturari lotutako erabilera orokorrei.
Eraberritze lanak hasi arte, Lamuza jauregian euskara eskolak (euskaltegia), KZ-gunea (ordenagailu aretoa), pintura artistikoko, zeramikako eta zura zizelkatzeko lantegiak, joste eta dantza eskolak eta haur ludoteka egon dira. Hainbat elkarteren egoitza ere bazen.
Arabako Foru Aldundiak Lamuza Jauregiaren barrualdea zaharberritzeko proiektua Laudioko Udaleko teknikariekin lankidetzan zehaztu du. Foru erakundea da Lamuzako parkeko eraikin guztien jabea, 'Etxe nagusia' deitutakoarena izan ezik, eta erabilera Laudioko Udalari ari da lagatzen, duela 40 urte baino gehiagotik.
Erabilera lagapen horrek etorkizunean ere jarraituko du, bi erakundeen arteko hitzarmenak sinatuta.
Lamuza jauregiaren barrualdea zaharberritzeko esku hartzea hauei gehitu behar zaie: 2020an eraikinaren estalkiak eta fatxadak berritzeko egindako esku-hartzeari (2,8 milioi euroko aurrekontua) eta Musika Etxearen eta Kasinoaren birgaitzeari (3 milioi euro). Foru aldundiak Lamuza parkeko eraikinetan egingo duen inbertsioa ia 9 milioi eurokoa izango da.
Lamuza Jauregia Urkixoko markesen egoitza izan zen, eta 1879 eta 1930 artean eraikin ezberdinen handitze bezala sortu zen, XVIII. mendeko etxe nagusi barroko batetik abiatuta. Eraikina goi-oligarkiako bizitegirako aisialdi multzo baten zati da, 13 hektarea inguruko lorategi eremu baten barruan kokatua. Bertan, kasinoa, antzerki aretoa, euskal pilotako frontoia, urmael artifiziala eta hainbat estilotako lorategiak zeuden.