Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak bizikleten hiru aparkaleku seguru instalatu ditu Aiaraldean. Urban Klima proiektuaren barruan dago esku hartzea, eta, zehazki, mugikortasun jasangarriaren, emisioen murrizketaren eta bizitza osasungarriaren C.4.3 ekintzarekin lotutakoa.
Jarduketa hori 2021ean lan inguruneak lotzeko egindako mugikortasun elektrikoari eta, zehazki, bizikletari buruzko azterlan baten emaitza da. Eguneroko mugikortasuna aztertu zuen lan horrek, mugikortasun jasangarria ahalbidetu zezaketen eremu estrategikoak identifikatzeko eta karga elektrikoko puntuak zituzten bizikleten aparkaleku seguruen kokapena zehazteko.
Bizikleten aparkalekuak hauetan kokatuta daude: Laudion, tren geltokiaren ondoan, José Matía kalean; Amurrion, tren geltokiaren aurrean, Dionisio Aldama kalean; eta Luiaondon, tren geltokiaren ondoan.
Bizikleten hiru aparkaleku seguru horien helburu da, bizikletak garbitzeko Luiaondon kokatuta dagoen modulu batez gain, “hiri eremuen eta industrialdeen arteko konektagarritasuna bultzatzea eta sustatzea Nerbioiko Parke Linealeko Bide Berdearen bidez”, zehaztu duenez Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak.
Foru diputatuaren ustez, “egindako esku hartzeak garraio publikoarekiko intermodalitatea errazten du, ibilgailu partikularraren kaltetan, eguneroko joan-etorrietan mugikortasun jasangarria eta bizimodu osasungarriagoa ere sustatuz”.
Instalazioak martxan jartzeak aukera ematen du gehienez 10 bizikleta uzteko aluminioz eta polikarbonatoz egindako espazio horietan. Material horrek erresistentzia handia, deformaezintasuna eta balizko eraso bandalikoen edo eguraldi txarraren aurkako babesa dauzka. Erabiltzaileek alta eman beharko dute telefono mugikorreko aplikazio batean. Aplikazio horrek kode bat sortuko du bizikleten aparkaleku segurua erabili ahal izateko. Barrura sartzeko, erabiltzaile kodea tekleatu beharko da. Lehenengo fase honetan doan erabili ahal izango da.
Bizikletentzako hiru aparkalekuak eta garbiketa modulua hornitzeko, instalatzeko, martxan jartzeko, mantentze lanetarako, zaintzeko eta osorik kudeatzeko inbertsioa 173.153,90 euro da, BEZa barne.