Foru Aldundiak deskontu progresiboko eredu bat ezarriko du 2024an Alavabusen eta Eskualdeko Garraioan

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia 2023ko urr. 6a, 12:00

Beste erronka batzuk izango dira Foronda eta Loiurako linea berria abian jartzea eta Araba Erdialdeko, Aiarako eta Arabako Errioxako emakidak berritzea. Errepideak modernizatzeko eta kontserbatzeko inbertsio publikoa finkatuko du, eta Arabat birdimentsionatuko du gaitasun handiko bideak kudeatzeko

Arabako Foru Aldundiak deskontu progresiboko eredu berri bat ezarriko du 2024an Alavabus eta Eskualdeko Garraioko lineetan, ohiko bidaiariak saritzeko eta foru garraio publikora arabar gehiago erakartzen jarraitzeko. Eredu berri hori BAT txartel pertsonalizatuan oinarrituko da, eta goranzko deskontu bat eskainiko du hilabeteko bidaia tarteen arabera.

Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak ekimen hori iragarri du gaur, legegintzaldi honetan garatuko dituen politiken ildo nagusiak azaltzeko Arabako Batzar Nagusietan egin duen agerraldian. Nogalesek ziurtatu duenez, deskontu progresiboko eredu berri horrek irauteko bokazioa du, eta bat dator tarifak integratzeko estrategiarekin.

"BAT txartelak, abenduaren 31ra arteko % 50eko egoeraren araberako hobaria alde batera utzita, txartel arruntaren prezioaren gaineko % 20ko deskontu orokorra eskaintzen die pertsona guztiei, egiten duten bidaia kopurua edozein dela ere. Deskontu progresiboko eredu berriak % 20ko deskontu orokor hori hartuko du abiapuntutzat, eta, horrez gain, deskontu progresiboak eskainiko ditu tarteka, hileko bidaia kopuruaren arabera ", azaldu du.

Hau da, Alavabus eta Eskualdeko Garraioa gehien erabiltzen duten pertsonek hobari handiagoa izango dute.

Nogalesek nabarmendu duenez, eredu berriaren helburua da "saritzea Alavabus eta Eskualdeko Garraioa batez ere lanera edo ikastetxera joateko erabiltzen duten ohiko erabiltzaileak, eta, horrela, ohikoak ez diren erabiltzaileak etorkizunean ohikoak izan daitezen bultzatzea, foru garraio publikora bidaiari gehiago erakartzea eta % 50eko egoeraren araberako deskontuaren ondorioz hura erabiltzen hasi zirenak ere fidelizatzea".

"Mugikortasun jasangarriaren politikari beste bultzada bat emateko" Arabako Foru Aldundiak legegintzaldirako prestatu duen estrategiaren parte da eredu berri hori ezartzea. Estrategia horren beste zutabe batzuk honako hauek izango dira: Arabako Mugikortasun Jasangarriaren II. Plan Zuzentzailea egitea; emakida mapa eguneratzea eta Araba Erdialdeko, Aiarako, Arabako Errioxako eta Eskualdeko Garraioko emakidak berritzea; eta Arabako Mugikortasun Agintaritzaren partzuergoa bultzatzea.

Foru diputatuak esan du foru garraioaren bilakaera "oso positiboa" dela, 2015az geroztik erabiltzaile kopurua bikoiztu baita (urte horretan hedatu zen I. Plan Zuzentzailea), baina "ez gara konformatzen", adierazi du. "Zerbitzua hobetzen jarraitu nahi dugu, sinetsita badugula hazkunderako tartea eta oraindik arabar gehiago erakar ditzakegula foru garraio publikora".

II. Plana egitearekin batera, legegintzaldiko proiekturik garrantzitsuenetako bat kontratua adjudikatzea eta A-3700 emakida bateratu berria abian jartzea izango da. Emakida horrek Gasteiz eta Bilbo eta haren metropolialdea lotzen dituzten lineak biltzen ditu. Emakida horrek indarrean dagoen zerbitzua hobetuko du (autobus berriak, prezioak eta deskontuak, BAT txartelaren erabilera...), eta Gasteiz Foronda eta Loiuko aireportuekin zuzenean lotuko duen linea berri bat gehituko du.

"Lan handia eta koordinatua egiten ari gara Bizkaiko Foru Aldundiarekin, bi erakundeok emakida horren kudeaketa kooperatiborako sinatutako hitzarmena garatzeko. Emakidaren lizitazioa abuztuan argitaratu zen, eta kontratuaren behin betiko adjudikazioa 2024ko azken lauhilekoan egingo dela aurreikusten da, betiere prozedura atzeratzen duen errekurtso berezirik ez badago ", zehaztu du foru diputatuak.

Azkenik, eta mugikortasun jasangarriaren estrategiaren barruan, Arabako Foru Aldundiak bizikleta sustatzen jarraituko du lantoki eta ikastetxeetara egiten diren ibilbide laburreko ohiko joan-etorrietarako garraiobidea izan dadin, eta 2024an Gasteiz eta Miñaoko Parke Teknologikoaren arteko bizikleta bidea egingo du (1,8 milioi euro), bizikleta bideen proiektu berriak idatziko ditu eta sentsibilizazio ekintzak egingo ditu.

Lurraldearen segurtasuna eta egituraketa

Mugikortasun jasangarriaren ondoren, legegintzaldi honetan Sailaren ekintza politikoa bideratuko duen bigarren ardatza "gure lurraldea eta gizartea egituratzen eta kohesionatzen duten" errepideen segurtasuna eta modernizazioa, kontserbazioa eta mantentzea izango da. Foru diputatuak adierazi duenez, Errepideen Plan Integrala "gidaria izango da inbertsioak lehenesteko orduan, Arabaren garapen orekatua, ingurumenarekiko errespetua eta lurraldearen erabilera arrazionala kontuan hartuta".

"Kudeaketa zorrotza egingo dugu, inbertsio publikoarekin dugun konpromisoari eutsiz, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen baititu", esan du.

Nogalesek gauzatzen ari diren edo dagoeneko adjudikatuta dauden obrak aipatu ditu, hala nola N-124 errepidea Armiñon eta Berantevilla artean bikoiztea (16 milioi euro, eta 2024ko azaroan bukatzea aurreikusita dago); A-2128 errepidea hobetzea Done Bikendi Harana eta Kanpezu artean (9 milioi euro, eta 2024ko azaroan bukatzea aurreikusita dago); eta N-240 errepidean Ubideko bidegurutzea handitzea (milioi bat euro, eta 2024ko erdialdean amaitzea aurreikusita dago).

Bai eta adjudikatze prozesuan dauden proiektuak ere: Legutioko saihesbidea, A-2620 eta A-623 errepideak lotuko dituena, eta egunero jatorria/helmuga Aramaio duten 800 ibilgailu hirigunetik ateratzea ahalbidetuko duena (4 milioi euro); Eztarroan A-3302 errepidea hobetzekoa, segurtasuna hobetzeko eta etorkizuneko VIAP aeronautika poligonoko biderako hegoaldeko sarbidea prestatzeko (5 milioi euro); eta A-3114 errepidea hobetzekoa, Maeztutik Elortzara (2,5 milioi euro).

Bestalde, erakundeen arteko lankidetzari esker egiteko asmoa dagoen beste proiektu batzuen berri eman du, eta nabarmendu du Armiñongo lotunearen edukiera handitzeko proiektua, trafiko handiko egunetan pilaketa arazoak konpontzeko. "Hitzarmena sinatu ondoren, Espainiako Gobernuak 16 milioi eurorekin finantzatuko du obra estrategiko hori. Bihar Ministerioarekin bilduko gara, Burgos/Madril norabideko lotunea handitzeko 1. faseko proiektua aurkezteko".

Era berean, legegintzaldi honetan Foru Errepide Sarean, Manzanosen eta Pobesen, geratzen diren azken bi trenbide pasaguneak kentzeko eta, hartara, haien segurtasuna hobetzeko ireki den "aukera" nabarmendu du.

Arabako errepideetako zirkulazioak herriguneetan sortzen duten zarata murrizteko ekintzei dagokienez, Sailak legegintzaldi honetan Zarataren aurkako I. Ekintza Plana burutuko du, N-622 errepidean (Arangiz) eta N-104 errepidean (Ariñiz) pantaila akustiko bana jarriz, eta Zarataren aurkako II. Ekintza Plana egingo du. Jarduketa horiek milioi bat euro inguruko aurrekontua dute.

Nogalesek, halaber, bide zoruak berritu eta konpontzeko baliabideen % 220ko gehikuntza sendotzeko erronka aipatu du, urtean ia bost milioi eurora iritsi arte, "kontserbazioan eta mantentze lanetan inbertitzeak epe ertain eta luzera segurtasun eta aurrezpen handiagoa dakarrelako uste osoarekin". Eta bide segurtasuna hobetzeko prebentzio neurrien planei jarraipena emango zaiela eta indartu egingo direla iragarri du.

Azkenik, Arabako Batzar Nagusien agindu batetik abiatuta gaitasun handiko bideak kudeatzeko eredua definitzeko azterlanaren lizitazio agiriak idatziko direla iragarri du. Helburua da behar adina baliabide bermatzea Foru Errepide Sarea behar bezala mantentzeko, AP-68 autobideko 55 kilometroen zuzeneko kudeaketa 2026an bere gain hartu ondoren, EBren printzipioei jarraikiz: "erabiltzaile ordaintzailea" eta "kutsatzen duenak ordaindu egin behar du".

Batzar Nagusien erabakiak ezartzen duenez, AP-68 autobidea eta gaitasun handiko gainerako bideak kudeatzeko eredua publikoa izango da, Arabat Arabako Bideak foru sozietatearen bitartez. Horregatik, eta inguruabar hori kontuan hartuta, foru diputatuak iragarri du Arabaten egitura birdimentsionatu beharko dela legegintzaldi honetan, eta horretarako erakundearen zuzendari-kudeatzailearen figura sortuko dela. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide