Kexaako monasterioko hilobiak zaharberritzeko lanak esleitu dira

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia 2023ko urr. 10a, 21:00

Petra S.Coop. enpresari esleitu zaio 201.917 euroko zenbatekoan, eta 15 hilabeteko epea izango du gauzatzeko.

Gobernu Kontseiluak gaur onetsi du, Kultura eta Kirol Sailak proposatuta, "Kexaako monasterioko Adatseko Andra Mariaren dorrearen kaperan dauden Pedro de Ayala eta Leonor de Guzmán kantzilerren hilobi bikoitza, Fernán Pérez de Ayala jaunaren hilobia eta Elvira de Ceballos andrearen hilobia kontserbatu eta zaharberritzeko" lehiaketa adjudikatzea.

Petra S.Coop. enpresari adjudikatu zaio 201.917 euroko zenbatekoan, BEZa barne, eta kontratua sinatu eta 15 hilabeteko epean gauzatu beharko da.

Lehiaketa publiko bidezko lizitazioa da, gaur egun Kexaako monasterioko Adatseko Andra Mariaren dorrearen kaperan dauden hiru hilobiak zaharberritzeko, kontserbatzeko eta balioztatzeko. Hilobiak harzurian eginda daude.

Arabako Foru Aldundiaren jabetzakoak dira Adatseko Andra Mariaren dorrearen kaperan dauden hiru hilobiak, abenduaren 27ko 838/2022 Erabakiaren arabera. Erabaki horren bidez, Kexaako Monumentu Multzoan Santo Domingo monasterioko Ama Domingotarrek zituzten jabetzak eskuratzea onetsi zen.

Monumentu multzoa Aiarako udalerrian dago, eta kultura ondasun izendatu zen Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 26ko 53/2002 Dekretuaren bidez. Eta apirilaren 12ko 78/2011 Dekretuaren bidez, Aiarako (Araba) Kexaako eraikin multzoa, monumentu multzo izendapenaz, kultura ondasun deklaratu zuen dekretua aldatzea onetsi zen, multzotik ezin bananduzkotzat jotzen diren ondasun higigarriak bertan sartzeko.

Bere balio historiko eta artistikoagatik, Euskal Herriko ondare zibil eta noblearen adibiderik onenetakoa da.

Esku hartzearen helburu nagusia hilobiak kontserbatzea eta zaharberritzea izango da, hondatu ez daitezen: ezagutza historiko-artistikoan eta historia materialean sakonduko da, hilobia osatzen duten materialak eta horien ezaugarri teknikoak ikertuko dira, alterazio prozesuak hautemango dira eta horiek
ezabatzeko eta ondasunaren egonkortasuna bermatzeko konponbideak bilatuko dira.

HILOBIAK IDENTIFIKATZEA:
Obra: Pedro López de Ayala kantzillerraren eta
Leonor de Guzmán andrearen hilobia.
Egilea: Toledoko Ferrand Gonzales-en tailerra.
Kronologia: XIV. mendea. 1399 ingurukoa.
Teknika: Harri landua eta polikromatua.
Materia: harzuria.
Neurriak: 238 x 171 x 38 cm.

Kaperaren erdian, Pedro de Ayala kantzilerraren eta Leonor de Guzmán andrearen hilobi bikoitza dago. Hilobi horretako eskulturak, oinetan txakurrak dituztela, lauorriz apaindutako oinarri baten gainean daude, eta hamabi lehoik eusten diote oinarriari (hiru alde bakoitzean). Kantzilerrak jantzi militarra
darama, eta, haren gainean, botoidun aljuba; ezpatari eusten dio esku babesek estaliko eskuekin.

Leonorrek Gaztelako mantua eta gona luzea daramatza, ilea burukoan gordeta darama eta ezkerreko eskuarekin meza liburu bati eusten dio.

Obra: Fernán Pérez de Ayala jaunaren hilobia
Egilea: Toledoko Ferrand Gonzales-en tailerra.
Kronologia: XIV. mendea. 1399 ingurukoa.
Teknika: Harri landua eta polikromatua.
Materia: harzuria.
Neurriak: 204 x 80 x 36 cm.
Obra: Elvira de Ceballos andrearen hilobia
Egilea: Toledoko Ferrand Gonzales-en tailerra.
Kronologia: XIV. mendea. 1399 ingurukoa.
Teknika: Harri landua eta polikromatua.
Materia: harzuria.
Neurriak: 183 x 56 x 30 cm.

Alboetako nitxoetako hilobiak kantzilerraren aitarena, Fernán Pérez de Ayala jaunarena, eta amarena, Elvira de Ceballos andrearena, dira. Hasiera batean, Done Joan Bataiatzailearen elizan zegoen hilobi bikoitza zen, erdiko hilobiaren antzekoa, harik eta, 1730ean, Adatseko Andra Mariaren kaperara eraman zituzten arte. Ebanjelioaren aldean Fernán Pérez de Ayalaren hilobia dago, eta epistolaren aldean Elvira de Ceballosen hilobia.

Fernán Pérez de Ayala jauna bizarrarekin irudikatzen da, eta aurpegia ilez inguratuta du, bonete lauaren azpian. Soineko luzea darama, mantua eskuineko besoaren azpian jasota, eta eskularruak jantzita diruela eskuekin ezpatari eusten dio, gerrikoa zorroaren inguruan.

Elvira de Ceballos andrea etzanda agertzen da, Leonor andrearenak bezalako buruko eta jantziekin; tolesturen tratamendua apur bat soilagoa bada ere, mantua luzeagoa da. Mahukaburuen ertzean, "Ave María" hitzak irakurtzen dira, eta eskulturaren oinetan margotutako idazkun bat ikusten da, karaktere gotikoetan, eta badirudi "Toledo" hitza irakurtzen dela.

Hiru hilobiak kontserbazio egoera txarrean daude:

Pedro de Ayala kantzilerrarena eta Leonor de Guzmán andrearena tokiz mugitu edo desmuntatu direla dirudi. Halaber, ikus daiteke iraganean garbiketa agresiboren bat egon zela, jatorrizko polikromien zati bat ezabatu zuena.

Oro har, hiru hilobiak gainazaleko zikinkeria geruza fin batez estalita daude. Geruza hori pilatuta dago zenbait eremutan, hala nola hutsarteetan, erliebeetan, arrailduretan eta abarretan, eta jatorrizko polikromiari itsatsita dago, baita harekin nahasita ere.

Orban batzuk ikus daitezke, morexkak, pintura tantak (ziurrenik kaperaren pintaketa batenak), eta beste batzuk metalezko elementuen oxidaziotik datozenak, burdinazko grapetatik adibidez. Orbanak gainazalean daude, harzuria oso iragazgaitza baita.

Beste narriadura batzuk hauek dira: urratuak, pitzadurak, bolumen akatsak eta hausturak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide