Nerbioiko parke linealak 10 km baino gehiago ditu zerbitzuan, eta Laudioko eta Amurrioko herriguneak lotzen ditu. Oinezkoak zein txirrindulariak kontuan hartuta, iaz, 108.000 erabiltzailek baino gehiagok erabili zuten bide berde hori.
Proiektu honen bidez, oinezkoentzako eta bizikletentzako azpiegitura bat sortu nahi dute, Urduña eta Delika lotzeko. Proiektuaren bidez, azpiegitura 1.800 metro linealetan egokituko dute, Delikatik Urduñako mugaraino, eta ibilbideak Nerbioi ibaia gurutzatzeko pasabide bat eraikiko dute.
Zati berria topografikoki ona den azaleraren gainean igarotzen da gehienbat, jarduketa eremuaren orografia nahiko laua eta ibaiaren ibilgua zuzena baita, duela hamarkada batzuk egindako ubideratzearen ondorioz.
Esku hartze hau iaz Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Aiaraldeko Berehalako Jarduera Planean jasotako "Ingurumena eta mugikortasun jasangarria" proiektu eragilearen esparruan sinatutako lankidetza hitzarmenean dago jasota. Motorizatu gabeko mugikortasun jasangarria, oinezkoena eta bizikletena, eta udalerrien arteko eta lurralde historikoen arteko konektibitatea sustatzeko ekintzak jasotzen dira proiektu horretan, automobilaren ordez bestelako mugikortasun moduak sustatzeko.
Bestalde, egun, obrak egiten ari dira Refor eta Saratxo lotzen dituen tartean, eta uda baino lehen bukatuta egotea aurreikusten da. Zati hori estrategikotzat jotzen da parke lineal osoan, potentzial eta funtzionalitate handikoa baita eguneroko mugikortasunerako, batez ere lanerako; izan ere, Saratxo industrialdea Aiara eskualdeko garrantzitsuenetako bat da.
Lurraldeko Ibilbide Berdeen Sarea osatzen duten ibilbideen multzoan gehien erabiltzen diren bi ibilbideak dira Nerbioiko parke linealeko bide berdea eta antzinako vasco-navarro trenbidekoa.
Bestalde, Laudio-Arrankudiaga tarteari dagozkion obren proiektua eta kontratazioa ere onartu dira, 140.442,03 eurotan (BEZa barne) eta bi hilabeteko epean.
Egin beharreko lanen ondorioz, azpiegitura berria egokitu egingo da, 125 metroko luzeran, Araba eta Arrankudiagaren arteko mugatik Laudioko Areta auzoraino.