Nerbioiko parke linealeko Urduña-Delika tartea gauzatzeko lanak lizitatu ditu Foru Aldundiak

Gobernu Kontseiluak Nerbioiko parke linealeko Urduña-Delika tarteko lanak kontratatzea onetsi du, Amaia Barredok zuzentzen duen sailak hala eskatuta. Lan horien aurrekontua 985.607,92 euro da (BEZa barne) eta hiru hilabeteko epean gauzatuko direla aurreikusi da.

Nerbioiko parke linealak 10 km baino gehiago ditu zerbitzuan, eta Laudioko eta Amurrioko herriguneak lotzen ditu. Oinezkoak zein txirrindulariak kontuan hartuta, iaz, 108.000 erabiltzailek baino gehiagok erabili zuten.

Proiektu honen bidez, oinezkoentzako eta bizikletentzako azpiegitura bat sortu nahi dute, Urduña eta Delika lotzeko. Proiektuaren bidez, azpiegitura 1.800 metro linealetan egokituko dute, Delikatik Urduñako mugaraino, eta ibilbideak Nerbioi ibaia gurutzatzeko pasabide bat eraikiko dute.

Zati berria topografikoki ona den azaleraren gainean igarotzen da gehienbat, jarduketa eremuaren orografia nahiko laua eta ibaiaren ibilgua zuzena baita, duela hamarkada batzuk egindako ubideratzearen ondorioz.

Esku hartze hau iaz Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Aiaraldeko Berehalako Jarduera Planean jasotako "Ingurumena eta mugikortasun jasangarria" proiektu eragilearen esparruan sinatutako lankidetza hitzarmenean dago jasota. Motorizatu gabeko mugikortasun jasangarria, oinezkoena eta bizikletena, eta udalerrien arteko eta lurralde historikoen arteko konektibitatea sustatzeko ekintzak jasotzen dira proiektu horretan, automobilaren ordez bestelako mugikortasun moduak sustatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide