🔴 AMURRIOKO UDALAK DIRU-LAGUNTZA KENDU DIO ESKUALDEKO EUSKARAZKO KOMUNIKABIDE BAKARRARI 🔴
📝 Eman atxikimendua eta babesa Aiaraldea Komunikabideari, hemen sinatuta 👇
www.labur.eus/amurrioneuskarazbizinahidugu
📍 Ekainak 21, ostirala, AGERRALDI HERRITARRA Amurrioko Juan Urrutia plazan, 19:30ean.
Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak Alavabuseko 15. linearen (Gasteiz/Amurrio/Laudio) eta 16. linearen (Artziniega/Amurrio/Laudio/Okondo) zerbitzu eskaintza handituko du uztailaren 1etik aurrera, eta, beraz, bidaia eta ordutegi berriak izango dira, Aiaraldeko herritarren mugikortasun beharrei hobeto erantzuteko.
Arabako Batzar Nagusietan gaur egin duen agerraldian, Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak iragarri du 15. eta 16. lineen zerbitzu eskaintzak handituko dituztela, eta azaldu du eskaeraren areagotzeari erantzuteko hartuko dutela neurri hori. Bi lineak AR02 Aiara emakidaren barruan daude, eta haren bidaiari kopurua % 25 hazi zen 2023an, eta % 10 inguru ari da hazten 2024an.
"Linea horien eskaintza handituko dugu, bai udan, bai ikasturtean zehar, baita asteburuetan ere, foru garraioa kalitatezko zerbitzu publiko gisa eta ibilgailu pribatuaren benetako alternatiba gisa sendotzeko, Aiaraldean bizi direnek aukera izan dezaten ikastetxeetara eta lanlekuetara joateko, kudeaketak egiteko eta aisialdiaz gozatzeko", adierazi du.
Nogalesek zehaztu duenez, 15. lineak (Gasteiz/Amurrio/Laudio) zazpi bidaia gehiago izango ditu noranzko bakoitzean ikasturtean zehar –irailaren 1etik ekainaren 30era–, astelehenetik ostiralera. Horri esker, noranzko bakoitzean egunean 17 bidaia izatetik 24 bidaia izatera igaroko da. "Gehikuntza horrekin, lehen orduko zerbitzua hobetuko dugu, bidaia eta ordutegi berriekin, Gasteizen goizeko 8etan, 9etan edo 10etan lanean hasten diren aiararren mugikortasuna bermatzeko".
"Era berean, gutxi gorabehera ordu erdiko zerbitzu maiztasuna lortuko dugu ikasi edo lan egin ondoren etxera itzultzeko puntako orduetan –13:30 eta 16:30 bitartean–, eta ordubetekoa eguneko gainerako orduetan; gainera, Gasteiztik Aiaralderako bidaia bat izango da 18:30ean, orain 17:30 eta 19:30 artean dagoen hutsunea betetzeko", gaineratu du.
Udan ere izango du eskaintza hobea 15. lineak, uztailaren 1etik abuztuaren 30era bitartean; izan ere, bidaia bat gehiago izango du, eta, beraz, egunean 18 bidaia izango ditu noranzko bakoitzean. Zerbitzuen areagotze horrekin, 2023ko udan egindakoarekin batera, ordubeteko maiztasuna izango du zerbitzuak, eta itzulerako puntako orduetan –14:30 eta 15:30 bitartean– ordu erdikoa.
Asteburuetako hobekuntzari dagokionez, 15. lineak beste bi bidaia izango ditu noranzko bakoitzean larunbatetan: 15:20an eta 20:25ean, Gasteizko noranzkoan, eta 16:25ean eta 21:30ean, Aiarako noranzkoan. Murgiako eta Izarrako bidaiarientzat ere izango da onuragarri aldaketa hori. Bi zerbitzu gehigarri horiek urte osoan izango dira, eta, hala, larunbatetan noranzko bakoitzean zortzi bidaia izatetik hamar bidaia izatera pasako da linea.
16. linea, Artziniega/Amurrio/Laudio/Okondo
Azkenik, eta 16. lineako (Artziniega/Amurrio/Laudio/Okondo) hobekuntzei dagokienez, foru diputatuak honako hau adierazi du: "Zerbitzu eskaintza handituko dugu urte osoko asteburuetan: beste bidaia bat izango da Laudio-Okondo noranzkoan, azken orduan, ostiraletan eta larunbatetan, eta bidaia bat gehiago, noranzko bakoitzean, larunbatetan, arratsalde erdian".
Foru Gobernu Kontseiluak bihar onetsiko du AR02 Aiara emakidaren kontratuaren aldaketa, hobekuntza horiek 15. eta 16. lineen urteko programan modu iraunkorrean txertatzeko. Hobekuntza horiek egiteko inbertsioa 346.000 eurokoa izango da aurten, "etengabeko hobekuntzarako estrategian beharrezkoa den inbertsioa, ibilgailu pribatuaren erabileraren alternatiba izango den eta berotegi efektuko emisioak murrizten lagunduko duen kalitatezko zerbitzua eskaintzeko".
Bestalde, Jon Nogalesek egindako agerraldian jakinarazi duenez, Mugikortasun Zerbitzua lanean ari da AR03 Arabako Errioxa emakidaren kontratua aldatzeko, helburu berarekin: eskaintza handitzea eta zerbitzua hobetzea, bai udan, bai urteko gainerako egunetan. Kontratu aldaketa hori izapidetzeak aukera emango du Arabako Errioxari eta Arabako Mendialdeari zerbitzua ematen dieten emakida horren lineetan hobekuntzak egiteko.
"Hobekuntza horiek abuztuaren 1etik aurrera martxan jartzeko aurreikuspenarekin lan egiten ari gara", adierazi du.
AR02 Aiara eta AR03 Arabako Errioxa emakiden eskaintzaren hobekuntzak duela bi aste Alavabusen 6. linean (Gasteiz/Kanpezu/Lizarra) iragarritakoei gehitzen zaizkie. Uztailean eta abuztuan Arabako hiriburua eta Santikurutze Kanpezu lotzen dituzten zerbitzuen eskaintza hobetuko da linea horretan, joan den udan programatutakoekin alderatuta: orain arte, udan, bost/sei bidaia izaten ziren noranzko bakoitzean astelehenetik ostiralera, eta, hemendik aurrera, egunean bederatzi/hamar bidaia izango ditu noranzko bakoitzean.
Alegia, udan, eskolarik gabeko garaian, eskola garaiko eskaintza bera izango du lineak, eta hori, Santikurutze Kanpezurako ez ezik, Alavabuseko 6. lineako geltokia duten gainerako herrietarako ere izango da onuragarri, zehazki honako hauetarako: Argandoña, Andollu, Trokoniz, Ixona, Egileta, Azazeta, Birgaragoien, Birgarabarren, Maeztu, Atauri eta Antoñana.