Kexaako monumentu multzoak berriro irekiko dizkie ateak herritarrei ekainetik abendura bitartean, eta bi bisita motatarako 1.350 toki egongo dira.
Arabako Foru Aldundiak 2022an erosi zuen monumentu multzoa, eta 2023ko azarotik abendura bitartean beste mila pertsona inguruk bisitatu zuten. Orain, berriro ireki ditu ateak.
Oraingoan, bi bisita formatu izango dira: bisita orokorra eta hilobiak zaharberritzeko lanak ikusteko bisita, biak gidatuak.
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak adierazi duenez, "Multzoa eskuratzearen helburuetako bat arlo publikorako berreskuratzea zen." Eta beste hau erantsi du: "Beraz, hasiera-hasieratik premiazko esku hartzeak egin dira, eta epe luzeagorako beste batzuk proiektatu dira. Baina argi genuen berriz aukera izan behar zela bisitak egiteko, eta lehenbailehen, zaharberrikuntza jarduerak ahalbidetzen zuenean. Eta dagoeneko egin daitezke. Eta, horien bidez, ziur nago lurraldeko ondare elementu garrantzitsuenetako bat den multzo honetaz gozatu ahal izango dutela herritarrek."
Bisita gidatuak monumentu multzora (bisita orokorra)
Lehenengo proposamena bisita orokorrak dira. 1.170 toki izango dira uztailetik irailera, eta datorren larunbatean, uztailaren 6an, hasiko da. Guztira, 30 toki eguneko.
Udan: larunbat, igande eta jaiegunetan eta zubietako ostiraletan (30 egun, guztira)
· Uztailaren 6, 7, 13, 14, 20, 21, 25, 26, 27 eta 28an
· Abuztuaren 3, 4, 10, 11, 15, 16, 17, 18, 24, 25 eta 31n
· Irailaren 1, 7, 8, 14, 15, 21, 22, 28 eta 29an
Udazkenean: Jaiegunetako zubiak (9 egun, guztira)
· Urriaren 12 eta 13an (gehi 27an, bisita bereziarekin Ondarearen Europako Jardunaldien testuinguruan)
· Azaroaren 1, 2 eta 3an
· Abenduaren 6, 7 eta 8an
Ordutegia: 12:00etan.
Toki kopurua: 15 pertsonako 2 talde egitea aurreikusten da egun bakoitzean.
Iraupena: ordubete.
Hizkuntza: gaztelania edo euskara
Hona hemen ibilbidea:
1. Multzoan sartzea. Erdiko patioa
2. Adatseko Ama Birjinaren kapera
3. Done Joan Bataiatzailearen elizaren goiko korua
4. Komentuko klaustroa
5. Komentuko bisita gela
6. Jangela
7. Kapitulu gela
8. Adatseko Andra Mariaren kaperaren korua
9. Dorrea
Bisita gidatua Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak antolatu du eta Kalearte, Turismo y Cultura enpresak egingo du.
Nola eman izena: 945 101 070 / reservas@kalearte.com
Hilobiak zaharberritzeko lanak bisitatzea
Bigarren proposamena bisita espezializatuagoa da (baina edonork egin dezake), eta aukera emango du Kexaako dorreko hilobien zaharberritze prozesua ikusteko. Eskola egun diren ostiral guztietan egingo dira, hilobiak kontserbatzeko eta zaharberritzeko lanek irauten duten bitartean. Printzipioz, ekainaren 29tik irailaren 27ra. Guztira, 180 toki.
Ordutegia: goizeko 12:00etan.
Hizkuntza: Bisitak gaztelaniaz edo euskaraz egingo dira.
Iraupena: ordubete.
Hona hemen ibilbidea
1. Sarrerako ataria: kanpoko elkargunea.
2. Multzorako sarbidea eta erdiko patioa.
3. Adatseko Andra Mariaren dorrearen kapera. Pedro de Ayala kantzilerraren eta
Leonor de Guzmánen hilobi bikoitza, Fernán Pérez de Ayalaren
hilobia eta Elvira de Ceballosen hilobia.
Bisita hori ere gidatua izango da eta PETRA S. COOP. enpresak egingo du. Enpresa hori Arabako Foru Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzuarekin lankidetzan egiten ari da lanok.
Garrantzitsua da argi izatea hilobietarako bisitan ez dela monumentu multzoaren gainerakoa ikusiko, eta bi bisita motetako batean ere ezin izango dela utzi gidari zerbitzuek zehazten duten ibilbidea.
Nola eman izena: 945182050 telefonora deituz (goizez) edo helbide elektroniko honen bidez: restauraciones@araba.eus.
Kexaako monumentu multzoa
Foru Aldundiak Donostiako Santo Domingo monasterioko Ama Domingotarren Kongregazioaren jabetzako Kexaako monumentu multzoa erosi zuen, 2.694.000 euroren truke. Eskuratze horren bidez, honako higiezin hauek erosi ziren: Aiararren dorretxe jauregia, San Joan Bataiatzailearen komentua, Adatseko Ama Birjinaren kapera dorrea, apaizetxea eta beste eraikin batzuk.
Arabako Foru Aldundiak Kexaako multzo osoa erosteko interesa zuela agerikoa zen. Azken hogei urteetan egindako ahaleginaren ondorio da; izan ere, denbora horretan eraikinak eta arte altzariak zaharberritzeko eta birgaitzeko obra garrantzitsuak egin dira, Arabako ondarearen kultura ondasun hori babestea eta berreskuratzea bermatzeko.
2002. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Monumentu Multzo izendatu zuten, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Ondarearen Kultura Ondasun Kalifikatuen Zerrendan sartu zen. Multzo hori, duen balio historiko eta artistikoagatik, ondare zibilari dagokionez ondoen kontserbatutako adibideetako bat da.
Multzoa Aiarako jaurerriaren erdigunea da, eta garai desberdinetan eraikitako zenbait eraikinek osatzen dute. Lanik garrantzitsuena Fernán Pérez de Ayalari, Elvira Álvarez de Zeballosi eta haien seme Pedro López kantzilerrari eta Leonor de Guzmáni zor zaie.
Monasterioa 1378ko abenduaren 2an sortu zen, moja domingotarrak hartzeko. XVI. mendean sute bat izan zuen, eta hainbat aldiz berritu dute. Berrikuntzarik garrantzitsuena XVIII. mendean egin zuten.
Jauregiak oinplano karratua eta erdiko patioa ditu. Gotorleku itxura du, angeluetan bi dorre baititu. Jauregitik zuzenean sar zitekeen elizara.
Dorrea kantzilerrak eraiki zuen, 1399an, aurreko eraikin baten gainean. Hileta kapera jarri zuen han.
Done Joan Bataiatzailearen eliza. Egungo elizaren burualdea XVI. mendearen hasieran eraiki zuten, eta gainerakoa XVIII. mendean. Barrualdean erretaula barrokoen multzo interesgarria eta Fernán López de Ayalaren eta María Sarmientoren hilobiak daude.
Kexaako monumentu multzoa Aiarako haranaren erdian dago, eta bertara Amurriotik Artziniegara doan A-624 errepidetik iristen da, Arespalditzaraino joanda eta han bigarren mailako sareko A-4620 errepidea hartuta.