Txakolinaren Ibilbideak eta Aiaraldeko turismo enpresek enoturismo eta produktu eskaintza aurkeztuko diete bihar, asteartea, Portoko bidaia agentzia, banatzaile eta komunikabideei, Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatutako ekitaldi batean. Ekiman hau Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak eskualdean turismoa bultzatzeko finantzatu duen inbertsioen foru programaren zati da.
Aiarako Kuadrillako toki erakundeek, hainbat txakolin upeltegik, landetxe eta apartamentu turistikoek, jatetxeek, edari banatzaileek, museoek eta Iñigo Pinedo Aiarako Kuadrillako lehendakariak osatutako ordezkaritza batek, Cristina González lehen diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatua buru duela, bidaia tekniko bat hasi du gaur Porto hirira eta Duero haranera.
"Bidaia profesional honek bi helburu ditu: Portoko upeltegien, turismo enpresen eta adituen enoturismoko esperientzia arrakastatsuak eta jardunbide egokiak "in situ" ezagutzea, eta Txakolinaren Ibilbidea eta Aiarako natura, ondare eta gastronomia eskaintza aurkeztea eta ezagutaraztea Portugalgo hirian eta haren eragin eremuan", azaldu du Cristina Gonzálezek.
Horretarako, ordezkaritzak enoturismo eskaintzagatik ezagunak eta aintzatetsiak diren upeltegiak bisitatuko ditu datozen egunetan, ardoaren turismo jasangarriari eta marketinari buruzko workshop batean parte hartuko du Rita Marqués Portugalgo Turismoko Estatu idazkari ohiaren eskutik; enoturismoko jardunbide egokiei buruzko adituen hitzaldietara joango da; eta World of Wine Ardoaren Museoa (WOW) eta Porto eta Douroko Ardoen Institutua ezagutuko ditu.
Era berean, eta programaren ekitaldi nabarmen gisa, Txakolinaren Ibilbideak eta Aiaraldeko turismo enpresek bihar, asteartearekin, eskualdea, bere ardoak eta eskaintza enoturistikoa aurkeztuko dizkiete bidaia agentziei, jatetxeei, banatzaileei eta komunikabideei Portoko negozio zentro batean. Aurkezpenean Aiarako ondare aberatsari, naturari eta gastronomiari buruzko informazioa emango da, eta ardoen eta bertoko produktuen dastaketa egingo da.
Inbertsio programa
Bidaia profesional hau Arabako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren finantzaketarekin eskualdean turismoa bultzatzeko gauzatzen duen inbertsio programa bereziaren barruan kokatzen da. Programa honek milioi bat euroko aurrekontua du, eta hainbat ekintza eta proiektu biltzen ditu, hala nola helmugaren aurkezpena merkatu nazionalean azaroan Madrilen egingo den ekitaldi batean.
Cristina Gonzálezek azpimarratu du inbertsio programa hau estrategia integral batean gauzatzen dela, eta estrategia horrek Aiaraldeko turismo baliabideen inbertsioa, balioa nabarmentzea eta sustapena egitea uztartzen dituela, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko, azpiegiturak eta zerbitzuak modernizatzeko eta bidaiarien artean helmuga ezagutarazteko. Azken helburua da turismoa eskualdeko enpresentzat eta herritarrentzat aberastasun eta enplegu iturri bihurtzea".
"Lankidetzan ari gara Aiarako tokiko erakundeekin, upeltegiekin eta turismo eragileekin, helburu horretan aurrera egiteko", gaineratu du.
Inbertsio programako proiektuetako batzuk errealitate bihurtu dira dagoeneko, hala nola Aiaraldeko marka turistiko berria eta tokiko upategietan eta ekoizle tokietan dastatzeak eta bisitak egiteko programazioa, baina gehienak gauzatze fasean daude. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, txakolinaren ibilbidea dinamizatzeko plan bat egitea, bidaiariei eskaintzen dizkien zerbitzuak indartzeko; hainbat upeltegitarako bisitaldi birtualen programazioa; eta gastronomian oinarritutako turismo produktu bat merkaturatzea.
Beste proiektu batzuk ere badira: eskualdeko hamar bat ondare baliabidetarako bisita gidatuak diseinatu eta gidoitzea; Aiaraldeko dorretxeetako turismo eta kultura ibilbide bat sortzea; eskualdeko museo eskaintza integratu eta koordinatzea; eta Kexaako Monumentu Multzoaren balioa nabarmentzea, Aiarako Kuadrillako turismoaren erakarle gisa.
Programa osatzeko, sustapen kanpaina bat egingo da sare sozialetan eta lineako komunikabideetan, sustapen materiala argitaratuko da, influencer-ekin fam-trip bat antolatuko da Aiarako erakargarriak eta merchandising-ekoizpena ezagutarazteko.