Datorren astelehenetik aurrera (azaroak 4), Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak Alavabusen Gasteiz/Amurrio/Laudio 15 linearen zerbitzuak indartuko ditu puntako orduetan, azken asteetan izandako eskariaren hazkundeari erantzuteko. Indartze zerbitzu horiei esker, halaber, bidaia denborak murriztu eta jardun orokorra hobetu ahal izango da.
Gainera, eta aldi berean, linea horretan berean bidaia gehiago egingo dira Areta eta Luiaondora.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, hobekuntza horien helburua da "plaza kopurua handitzea, Aiaraldeko herritarren beharrak asetzeko, eta kalitatezko foru garraio zerbitzua eskaintzea, ibilgailu pribatuaren benetako alternatiba izan dadin. Hobekuntza horiekin, eskualdeko bidaiarien eta toki erakundeen eskaerei erantzuten diegu."
Alavabusen 15 lineak, beraz, indartze zerbitzuak izango ditu datorren astetik aurrera, goizeko lehen orduan, Gasteizerako norabidean; zehazki, Laudiotik (Zumalakarregitik) 06:20an zuzenean Gasteizera abiatuko da autobus bat, eta beste bat goizeko 07:42an, Amurriotik (San Jose auzotik). Laudio (Zumalakarregi) eta Gasteiz lotzeko indartze zerbitzuak egongo dira 12:40an eta 14:30ean ere, eta biak ala biak bidaia zuzenak izango dira.
Eta Gasteiztik Laudiorako indartze zerbitzuak 13:30ean eta 15:30ean abiatuko dira Arabako hiriburuko autobus geltokitik.
Bestalde, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak datorren astelehenetik aurrera (azaroak 4) 15 eta 16 lineetako ordutegiak doituko ditu, ikasturtearen hasieratik bidaiari kopurua hazi izanaren ondorioz astegunetan ibilbide batzuk egiteko denbora gehiago behar denez gero, denbora horretara egokitzeko. Doikuntza horren helburua da, halaber, Gasteizera lanera edo ikastera doazen bidaiariei bermatzea ezarritako orduan iritsiko direla.
Zehazki, Gasteiz/Amurrio/Laudio 15 linean zenbait bidaldiren irteera ordutegia eta dagozkien igarotze ordutegiak aurreratu dira.
Gainera, Luiaondo eta Aretarako zerbitzua hobetu da: Aretatik Gasteizera joateko, astegunetan 6 bidaldi izatetik 8 izatera igaro da, eta Luiandotik Gasteizera joateko ere, 6 bidaldi izatetik 8 izatera igaro da; aldiz, kontrako noranzkoan, Gasteiztik Aretarako noranzkoan 8 bidaldi izatetik 10 izatera igaro da, eta Luiandorako noranzkoan 10 bidaia zeuden eta denei eutsi zaie. Helburua da egunean zehar eskaintza mailakatuagoa eskaintzea bidaiariei.
Artziniega/Amurrio/Laudio/Okondo 16 lineari dagokionez, ordutegi bat aldatu da ostiraletan eta larunbatetan, Aretarako zerbitzu berri bat sartzeko, Gasteizko 15 linearen bidez, 21:30ean.
Azkenik, Gasteizerako noranzkoan Zaitegin egiten zen geldialdia bide segurtasunaren ikuspegitik egokiagoa den beste leku batean egingo da aurrerantzean.