Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko diputatuak atzo iragarri zuenez, foru erakundeak 12 urtetik beherakoentzako Arababus eta Eskualdeko Garraioaren txartela doan izateko laguntza emango du, garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin. "Lanean ari gara neurri hori 2025eko aurrekontuetan sartzeko, datorren urteko urtarrilaren 1ean abian jartzeko asmoz", adierazi du.
Nogalalesek adierazpen horiek egin ditu Euskadiko Garraio Agintaritzak (EGA) egin duen bileraren amaieran. Bilera horretan, besteak beste, neurri hori aztertu da, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak proposatuta. Neurri hori indarrean dago jada Gasteizko hiri garraioan (Tuvisa), eta urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko da Arabako hiriburuko tranbian, Susana García Chueca sailburuak berriki iragarri duenez.
Foru diputatuak oso positibotzat jo du Eusko Jaurlaritzaren proposamena, eta ekimen hori "koherentea eta egokia" dela adierazi du, bai formei dagokienez, bai funtsari dagokionez.
"Arabako Foru Aldundian deskontu eredu progresibo, handinahi eta iraunkorra finkatzearen aldeko apustua egiten dugu, eta, aldi berean, kolektibo jakin batzuentzako politika espezifikoak garatzearen aldekoa. Estrategia honetan, urrats garrantzitsua dugu 12 urtetik beherakoentzako doakotasun hori, Araban 21.000 lagunentzako onuragarria izango dena; izan ere, horrela, Arabako garraio publikoko operadore guztiok parekatuta egongo gara", gaineratu du.
Nogalesek gogorarazi duenez, "beti defendatu izan dut unean uneko neurriak gainditzen dituen tarifa eredu bat, tarifak bateratzeko oinarriak ezartzen dituen sistema iraunkor bat finkatzen duena. Erabiltzaileak garraio publikora erakartzen jarraitzeko eta, aldi berean, Alavabus eta Eskualdeko Garraioaren erabiltzaileek eskatzen diguten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko aukera emango digun eredua".
"Tarifa ereduak, halaber, aurre egin behar die datozen asteetan behin betiko onetsiko dugun Arabako Mugikortasun Jasangarriaren II. Planean jasotzen diren garraio publikoko zerbitzu berriak gehitzeko behar diren inbertsioei", amaitu du.