Arabak Txakolinaren Ibilbidea eta Aiaraldeko turismo eskaintza aurkeztu dizkie agentzia eta komunikabideei Madrilen

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia 2024ko aza. 21a, 06:30

Aiaraldean turismoa bultzatzeko programa bereziaren barruan. Cristina González: "Aiaraldeko tokiko erakundeekin, upeltegiekin eta turismo eragileekin batera ari gara lanean, eskualdeko turismo baliabideen balioa nabarmentzeko eta sustatzeko".

Arabako Foru Aldundiak eta Aiarako Kuadrillak Aiaraldeko enoturismoaren, naturaren eta ondare historikoaren eskaintza aurkeztuko diete gaur, Madrilen, Espainiako hiriburuan kokatutako bidaia agentziei eta turismoan eta gastronomian espezializatutako komunikabideei. Aurkezpen hori Eusko Jaurlaritzak eskualdeko turismoa bultzatzeko finantzatu duen inbertsioen foru programaren zati da.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak eta Iñigo Pinedo Aiarako Kuadrillako lehendakariak Txakolinaren Ibilbidera sartu diren upeltegien, gaztandegien, baserrien eta jatetxeen azken turismo proposamenen berri emango diete, gaur arratsaldean, hogeita hamar bat bidaia agente eta kazetariri. Bertaratutako profesionalek Aiaraldeko txakolina eta bertako produktuak dastatzeko aukera ere izango dute.

Ekitaldia Madrilgo Cuzco auzoko PerretxiCo jatetxean egingo da, eta, amaitzeko, txakolin dastatzea egingo da, enologian, mahastizaintzan eta zentzumen analisian espezialista den Juan Ignacio Junguituk zuzenduta, eta Aiaraldeko 0 km-ko produktu adierazgarrienetako batzuk ere egongo dira.

"Txakolinaren Ibilbidea Aiaraldeko eskaintza turistikoaren trakzio elementua da, baina Arabako eskualde horren erakargarritasuna enogastronomiatik askoz harago doa: natura ikusgarria du, zeinaren erakargarri adierazgarrienak Nerbioiko ur jauzia eta Delikako arroila baitira; ondare historiko aberatsa, besteak beste Kexaako Monumentu Multzoa eta Artziniegako Erdi Aroko hiribildua; eta kalitatezko eta askotariko museo eskaintza", azpimarratu du Cristina Gonzálezek.

Horiek horrela, Arabako ordezkaritzak Aiaraldea helmuga "benetako eta berezi" gisa aurkeztuko du: "presio turistiko txikia du, eta deskonektatu eta lasaitasunez gozatzeko aukera ematen du", enoturismoarekin eta Txakolinaren Ibilbidearekin lotutako hainbat esperientziaren bitartez, bai eta ondare historiko eta kulturalari (Kexaa, Artziniega, Amurrioko indianoen etxeak, dorretxeak, Arteko santutegia, museo etnografikoa, Santxotena museoa, eta abar) eta naturari esker ere (Nerbioiko ur jauzia, Delikako arroila, Maroñoko urtegia...).

Aiaraldeko turismo aktiboaren eskaintzaren berri ere emango dute, hala nola mendi ibilaldiak, arroila jaitsiera, zaldizko paseoak eta birdinga.  

Inbertsio programa

Aurkezpen hori Arabako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren finantzaketarekin eskualdean turismoa bultzatzeko gauzatzen duen inbertsio programa bereziaren barruan kokatzen da. Programak milioi bat euroko aurrekontua du, eta hainbat proiektu biltzen ditu, hala nola Aiaralderako marka turistiko berri bat, Txakolinaren Ibilbidea dinamizatzeko plan bat eta eskualdeko gastronomiari eta dorretxeei lotutako turismo produktuen garapena.

Beste proiektu batzuk dira honako hauek: dastatzeak programatzea eta bisitak egitea tokiko upeltegietara eta ekoizleei; hainbat upeltegitarako bisita birtualak diseinatzea; eskualdeko udalerrietako hamar bat ondare baliabidetarako bisita gidatuen gidoiak egitea; Aiarako museo eskaintza integratzea eta koordinatzea; eta Kexaako monumentu multzoari balioa ematea.

Programa osatzeko, sustapen kanpaina bat egingo da sare sozialetan eta lineako komunikabideetan, sustapen materiala argitaratuko da, influencer-ekin fam-trip bat antolatuko da Aiaraldeko erakargarriak ezagutarazteko, merchandising-a ekoitziko da eta sustapen ekintzak egingo dira Estatuko eta nazioarteko merkatuan. Azken epigrafe horretan kokatzen da gaur Madrilen egingo den aurkezpena, bai eta duela hilabete Porton egindakoa ere.

Cristina Gonzálezek azpimarratu du inbertsio programa berezi horri esker estrategia integral bat inplementatzen ari direla, "Aiaraldeko turismo baliabideetan inbertitzea, haien balioa nabarmentzea eta sustapena egitea uztartzen dituena, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko, azpiegiturak eta zerbitzuak modernizatzeko eta bidaiarien artean helmuga ezagutarazteko. Azken helburua da turismoa eskualdeko enpresentzat eta herritarrentzat aberastasun eta enplegu iturri bihurtzea". 

"Lankidetzan ari gara Aiaraldeko tokiko erakundeekin, upeltegiekin eta turismo eragileekin, helburu horretan aurrera egiteko", esan du, amaitzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide