Aldundia Laudioko Lamuza jauregiaren zaharberritze eta irisgarritasun lanak azkentzen ari da

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia 2025ko urt. 15a, 07:30

Cristina González diputatuak eraikina bisitatu du esku hartzea amaitzeko bi hilabete baino gutxiago falta direnean 2,7 milioi eurotik gorako inbertsioa da.

Arabako Foru Aldundiak datorren martxoaren hasieran amaituko ditu Laudioko Lamuza jauregiaren barrualdearen zaharberritze, egokitze eta irisgarritasun lanak, laudioarrei kultura, hezkuntza eta prestakuntza jarduerak garatzeko gune enblematiko, eroso eta praktikoa eskaintzeko. 2,7 milioi eurotik gorako inbertsioa da. 

Cristina González Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak bisita bat egin du gaur goizean, zuzenean jakiteko zertan diren lanak, haiek amaitzeko bi hilabete baino gutxiago geratzen direnean. González, Ana del Val Kultura Saileko foru diputatua eta Ainize Gastaka Laudioko alkatea lagun, eraikin honetako geletan zehar ibili da. 

Zaharberritze proiektuak hainbat esku hartze aurreikusten ditu ia 4.000 metro koadroko higiezin historiko horren funtzionaltasuna eta irisgarritasuna hobetzeko, kontuan hartuta herritarrek hezkuntza eta kultura jardueretarako zentro gisa erabiliko dutela. Esku hartze horien lehen helburua banaketa hobetzea da, jauregiaren hegalak lotuko dituzten eta eraikinari ikuskera bateratua emango dioten ibilbide berriekin. 

Cristina Gonzálezek azaldu duenez, "udaberri honetan bertan,  eraikin guztiz berritu eta irisgarri bat jarriko dugu Laudioko herritarren eskura. Horretarako, igogailu berri bat gaitu dugu, eta haren makinak datozen egunetan jarriko ditugu; desnibelak kendu ditugu, zoladuren kota aldatuta eta arrapala txikiak jarrita, eta komun irisgarri berriak egin ditugu mugikortasun urriko pertsonentzat". 

"Proiektu hau gauzatuta, erabiltzaileak Lamuza jauregiaren bi muturrak komunikatuko dituen ardatz-korridore handi batez ere baliatuko dira", gaineratu du.

Abian den esku hartzearen ardatzak dira, era berean, baliozko elementuak eta apaingarriak zaharberritzea (zurezko eskailerak eta burdina forjatuzko barandak, estaldura zeramikoak, tximiniak, ate batzuk, etab.); eraikinaren gelak hobetzea zoladurei, hormei eta sabaiei dagokienez; instalazio elektrikoak, iturgintzakoak, segurtasunekoak eta berokuntzakoak eguneratzea, eta kontsumo txikiko aparatuekin argiztapena berritzea. 

"Laudioarrek Kristalen Aretoaz ere gozatu ahal izango dute beren osotasunean, harreretarako, aurkezpenetarako, erakusketetarako eta beste hainbat gauzatarako espazio berezi eta erakargarri gisa", azpimarratu du foru diputatuak.

Arabako Foru Aldundiak Lamuza Jauregiaren barrualdea zaharberritzeko proiektua Laudioko Udaleko teknikariekin lankidetzan zehaztu du, betiere eraikin horretako areto eta espazioei emango zaien erabilera kontuan hartuta. Era berean, harremanak eta bilerak izan dira Laudioko kultura elkarteekin eta herritarren mugimenduekin, helburu berarekin.  

Foru erakundea da Lamuzako parkeko eraikin guztien jabea, 'Etxe nagusia' deitutakoarena izan ezik, eta erabilera Laudioko Udalari ari da lagatzen, duela 40 urte baino gehiagotik. Erabilera lagapen horrek etorkizunean ere jarraituko du, bi erakundeen arteko hitzarmenak sinatuta. 

Lamuza jauregiaren barrualdea zaharberritzeko eta hari irisgarritasuna emateko esku hartzea hauei gehitu behar zaie: 2020an eraikinaren estalkiak eta fatxadak berritzeko egindako esku hartzeari (2,8 milioi euroko aurrekontua) eta Musika Etxearen eta Kasinoaren birgaitzeari (3 milioi euro). Foru aldundiak Lamuza parkeko eraikinetan egin duen inbertsioa ia 9 milioi eurokoa izan da. 

Lamuza Jauregia Urkixoko markesen egoitza izan zen, eta 1879 eta 1930 artean eraikin ezberdinen handitze bezala sortu zen, XVIII. mendeko etxe nagusi barroko batetik abiatuta. Eraikina goi oligarkiako bizitegirako aisialdi multzo baten zati da, 13 hektarea inguruko lorategi eremu baten barruan kokatua. Bertan kasinoa, antzerki aretoa, euskal pilotako frontoia, urmael artifiziala eta hainbat estilotako lorategiak zeuden.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide