Foru Aldundiak idazkaritza tekniko bat sortuko du Aiaraldeko Txakolinaren Ibilbidea dinamizatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia 2025ko ots. 25a, 21:33

Cristina Gonzalez diputatuak egin du aurkezpena. / Arabako Foru Aldundia

Eskualdeko upeltegiei eta turismo sektoreari azterlan diagnostiko bat aurkeztu die, sustapen tresna hori hobetzeko.

Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak idazkaritza tekniko bat sortuko du aurten, Aiaraldeko Txakolinaren Ibilbidea dinamizatzeko, txakolinaren enoturismoa kudeatzeko eta balioesteko tresna gisa, eta eskualdeko upeltegiak, ostatuak, jatetxeak eta tokiko merkataritza sustatzeko eta merkaturatzeko.

Cristina González lehenengo diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak, gaur egin die iragarki hau Aiaraldeko upeltegi, gaztategi, ostatu, jatetxe, saltegi eta museoei, txakolinaren ibilbideari buruzko azterlan-diagnostiko baten aurkezpenean. Ekitaldian izan dira, halaber, Iñigo Pinedo Aiarako Kuadrillako lehendakaria eta eta Laudio, Amurrio, Artziniega, Okondo eta Aiarako udaletako ordezkariak.

Cristina Gonzalezek azaldu duenez, idazkaritza tekniko honek "2005. urtean Aiaraldeko upeltegi, ostatu, ekoizle, jatetxe, merkataritza eta kultura erakundeen eskutik lan egingo du, Txakolinaren Ibilbideari kudeaketa egitura egonkorra emateko eta eskualdeko eskaintza enoturistikoa sustatzeko eta merkaturatzeko eginkizunetan entitate hori indartzeko eta dinamizatzeko".

"Txakolinaren Ibilbideak potentzial handia du: ingurune idilikoetan kokatutako upeltegi desberdin eta elkarren osagarriak, kalitatezko tokiko ekoizleak, ondare natural eta historiko aberatsa, lehen mailako museo eta kultura eskaintza... Erronka da baliabide horiei balioa ematea eta kalitatezko eskaintza enoturistikoa eta lehiakorra garatzea, eta idazkaritza teknikoa tresna bat izateaz gain aukera bat ere bada guztiok, sektore pribatuak eta erakundeek, horri ekiteko ", gaineratu du.

Azterlan-diagnostiko hori Aiaraldeko turismo arloko Berehalako Ekintza Planaren barruan kokatzen da, eta Aiaraldeko Txakolinaren Ibilbideko antolaketa eta kudeaketa egitura, ekintza programa, sustapen tresnak eta bisiten eta esperientzien eskaintza aztertzen ditu, zeharkako metodologia baten bidez: dokumentazioa eta elkarrizketak sakon berrikustea, lineako galdetegiak egitea eta talde saioak burutzea erakundearekin lotutako hainbat motatako enpresekin.

Txakolinaren Ibilbidea osatzen duten enpresek aukera izan dute erakundearen egungo egoerari eta kudeaketa ereduari, bazkideen arteko harremanari, sektorearen egungo beharrei eta etorkizuneko proposamenei buruz eztabaidatzeko eta horren inguruan beren ikuspegia partekatzeko.

Azterlan-diagnostikoaren ondorioen arabera, Txakolinaren Ibilbidea kudeatzeko eredu bat definitu behar da, haren egungo eta etorkizuneko iraunkortasuna bermatzeko; erakundearen eta administrazio publikoen turismo gobernantza hobetu behar da; bazkideen sarea indartu eta bazkide kopurua handitu behar da; egiturazko jardueren eskaintza diseinatu behar da, eta esperientzia enoturistiko berritzaileak eta jasangarriak sortzeko espazioak identifikatu behar dira.

Aiaraldeko Berehalako Ekintza Plana

Hala, diagnostikotik abiatuta, hiru ardatzeko ekintza plan bat definitzen du –kudeaketa eta gobernantza, txakolinaren zabalkundea eta esperientzia eta espazio enoturistikoak–. Ardatz horiek 6 ekintza lerrotan eta 47 ekintzatan zehazten dira, baina lehenengoa funtsezkoa dela nabarmentzen da gainerakoak garatu ahal izateko. Horregatik, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak idazkaritza tekniko bat sortuko du aurten, Aiaraldeko upeltegiekin eta turismo sektorearekin batera lehenengo ardatz horretan aurrera egiteko.

Gaur aurkeztutako azterlana Aiaraldeko turismo arloko Berehalako Ekintza Planeko ekintzen parte da. Plan horren zatirik handiena 2024an gauzatu zen, eta honako hauek barne hartzen ditu: Aiaraldea turismo helmuga gisa sustatzeko kanpaina bat, sustapen materiala argitaratzea, influencerren fam tripa, Txakolinaren Ibilbidea Portorako bidaia tekniko gisa sustatzeko ekimenak, upeltegien 3Dn bisita birtualak egiteko programazioa, eta helmuga Madrilen aurkeztea.

Hona hemen planaren beste ekintzetako batzuk: Aiaraldeko baliabideetara bisita gidatuak idaztea eta bisita horiek egiteko pertsonak prestatzea, Aiaraldeko produktuak ezagutarazteko eta sustatzeko bisitak antolatzea, marka turistiko berri bat diseinatzea, museo sare bat eta dorretxeen ibilbide bat sortzea, eta Kexaako monumentu multzoari balioa emateko inbertsioak egitea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide