Arabako Foru Aldundiak Artziniegako herrigunetik igarotzen den A-624 errepidea egokitzeko eta urbanizatzeko proiektuaren idazketa lizitatu du, 70.180 euroko aurrekontuarekin eta sei hilabeteko gauzatze epearekin. Esku hartze honen helburua da segurtasuna indartzea eta ia kilometro bateko tarte hori modernizatzea.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak azaldu duenez, zeharbide horren erreformarekin "trazadura, bidezorua eta seinaleak berrituko ditugu, baita espaloiak handitu eta argiteria, saneamendu sareak eta autobus geltokiak jarri ere. Jarduketa horiekin segurtasun eta erosotasun handiagoa lortuko dugu, bai gidarientzat, bai oinezkoentzat".
"Gure helburua da proiektua 2026aren erdialdean onestea, eta obrak urte hori amaitu baino lehen lizitatzea, adjudikatzea eta hastea", zehaztu du.
Jarduketa hori Arabako Errepideen Plan Integralean jasota dago, eta A-624 errepidearen 860 metroko tartean garatuko da, A-2604 errepidearekiko (Sodupe-Bizkaia) bidegurutze biribilgunearen eta A-2602 errepidearekiko (Trespaderne-Burgos) bidegurutze biribilgunearen artean. Proiektuak zeharbidea egungo mugikortasun- eta segurtasun-beharretara egokitzeko irtenbide tekniko egokienak definituko ditu, honako jarduketa hauekin:
• Trazadura eta zoladura berritzea, indarrean dagoen araudia eta hirigintza plangintza betez.
• Saneamendu- eta hornidura-sareak eguneratzea, haien edukiera egungo eskarira egokituta.
• Linea elektrikoak eta telekomunikazioetakoak lurperatzea, aireko bidegurutzeak kenduz eta hiri estetika hobetuz.
• Argiteria publikoa erabat eraberritzea, teknologia eraginkorra eta jasangarria txertatuz.
• Espaloiak handitzea, aparkalekua berrantolatzea eta oinezkoen irisgarritasuna hobetzea, ibilbide seguruak bermatuz.
Gainera, itxiturak berrituko dira, hiri altzariak jarriko dira, garraio publikoko geralekuak jarriko dira eta berdeguneak lehengoratuko dira, paisaia integrazioa eta ingurumen kalitatea bermatuz.
Jon Nogalesek adierazi duenez, hiri zeharbideen hobekuntza "gure estrategiaren ardatzetako bat da, Errepideen Foru Sarea bide segurtasuna lehentasun gisa hartuta modernizatzeko asmoz", egokitzapen proiektu integralekin, bidezoruak berritzeko eta kontserbatzeko inbertsioarekin eta prebentzio neurriak hartzearekin batera.