Tertanga, Delika, Artomaña eta Aloria herriguneak iturburuetatik hornitzen dira, eta horien emariak nabarmen murrizten dira agorraldietan.Urduñako hornidura hobetzearren, Bizkaiko Foru Aldundiak putzu bat eta edateko uren araztegi bat (EUA) eraiki zituen, eta aurreikusita zegoen araztegi horretatik Arabako herrigune horietako hornidura sistemak indartzea.
Gaur egun, Tertanga eta Artomaña Bizkaiko EUAren biltegira konektatuta daude, eta Delika hornitzeko, Arabako Foru Aldundiak Artomañako konexio lanen barruan 2017an eraiki zuen ponpatze estazio bera erabiltzea aurreikusi da. Hori dela eta, orain esleitu diren lanak Artomañako egungo bultzada-zatia Delikako Odiako depositu berriraino luzatzea dira, proiektu honekin ere gauzatu beharrekoa.
Beharrezkoa da biltegia eraikitzea, lehenik, egungo biltegia zaharra delako; bigarrenik, egungo beharrizanetarako hornidura erregulatzeko ahalmenik ez duelako, eta, azkenik, suteen aurka jarduteko gordekinik izateko bolumenik ez duelako.
Eroanbide berriaren ibilbidean zehar, Amurrioko lurrak ukituko dira, eta eroanbideak Delikako Odia auzoa Artomañarekin lotzen duen bidearekiko nahiko paraleloan joango den trazadura izango du. Tarte osoa 2.218 metrokoa izango da.
Eroanbideak balbulak dituzten kutxatilak izango ditu urak husteko, airea irteteko eta hodi berriaren atalak lotzeko, eta horrek guztiak azpiegitura berriak egoki funtzionatzea ahalbidetuko du.
Ibilbidean, hiru ur ibilbide gurutzatuko dira zanga baten bidez: Artomaña ibaia, Argiste erreka eta izenik gabeko erreka bat. Horregatik, beste eroanbide bat egingo da babes zorro baten barruan.
Ponpatze zati berria 1959an eraiki zen biltegiaren ordez Odian eraikiko den biltegi berrian (336 m3) amaituko da. Azpiegitura hori ez da oraingoa dagoen leku berean kokatuko, eta, beraz, Iturritaren eta Peterraren harguneetatik datozen bi eroanbideen trazadura ere aldatu beharko da.
Biltegiaren kokapen berri horrek Zamarroko biltegiaren azken biltegi gisa erabiltzea ahalbidetuko du, eta, horretarako, banaketa hodi bat beharko da, Delikari zerbitzua ematen dion egungo sarearekin konektatzeko.
Ondorengo faseetan, Aloria ere Urduñako EUAren hornidura sistema horrekin lotzeko proiektua egingo da, eta, horrela, Arrastariako haranaren hornidura hobeto bermatuta egongo da.