Obraren aurrekontua 574.683,46 euro da (BEZa barne) eta sei hilabete izango dira haiek egiteko. Proiektuak Izoriako egungo bi hobi septikoak kentzea eta 1.180 metroko luzerako kolektore berri batera konektatzea jasotzen du. Kolektore horrek, grabitatez, Murgako industrialdeko saneamendu sarera eramango ditu hondakin urak. Sare hori, era berean, orain Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa egiten ari den obrekin, Markijanako HUAri lotuta geratuko da, Olabezar hirigunearekin batera.
Obraren jarduketa berezietako bat A-624 errepidearen azpian 48 metroko luzera duen tinkatze bat egitea da, lanek iraun bitartean trafikoari ez eragiteko.
Esku hartze hori 2016-2026 aldirako Arabako Hornidura eta Saneamenduko Plan Zuzentzailearen barruan jasota dago, eta herrigune horretako hondakin urak Markijanako HUA berrian tratatzeko aukera emango du etorkizunean, eraikitzen ari baita.