Arabako Amurrio, Aiara eta Laudio eta Bizkaiko Urduñako herriak Galdakao-Usansolo ospitalearekin lotuko dituen zuzeneko autobus zerbitzu berria datorren urtarrilaren 2an hasiko da, astelehenetik ostiralera, egunean hiru aldiz, Aiaraldean bizi diren pertsonak osasun zentrora "azkarrago eta erosoago" hel daitezen.
Zerbitzu berria Bizkaibuseko A-3641 linearen barruan dago, eta Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek gaur sinatu duten lankidetza hitzarmenaren emaitza da.
Zerbitzu berriak hiru bidaia eskainiko ditu egunero, norabide bakoitzeko, astelehenetik ostiralera: Urduñatik 07:00etan, 10:00etan eta 13:00etan aterako da, eta Galdakaoko Ospitaletik 08:15ean, 11:15ean eta 14:15ean itzuliko da. Ordutegi horiek Galdakaoko ospitaleko mediku kontsultetako eta proba diagnostikoetako txandetara pixkanaka egokitzeko pentsatuta daude.
Zuzeneko bidaia berriak emakida beraren zerbitzuaren egungo eskaintzari gehituko zaizkio. Eskaintza horrek eguneko zazpi bidaia egingo ditu, guztira, norabide bakoitzeko, Urduñatik, Amurriotik eta Aiaratik, eta eguneko bederatzi bidaia, norabide bakoitzeko, Laudioko herritik.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak adierazi duenez, zuzeneko zerbitzu hori abian jartzearekin "Aiaraldea eta Arratia-Nerbioi Galdakaoko ospitalearekin autobusez lotzea hobetzeko konpromisoa betetzen dugu, joan-etorriko denborak ohiko zerbitzuarekiko nabarmen hobetuz, eta, horrela, eskari historiko bati erantzuten".
"Zerbitzu berriak joan-etorri azkarragoa eta erosoagoa eskainiko die bidaiari guztiei, eta, bereziki, zentro horretan sarritan hitzorduak izaten dituzten eskualdeko adinekoei eta paziente kronikoei", esan du Jon Nogalesek.
Zehazki, eta kontuan hartuta gaur egun Arratia-Nerbioi eta Aiaraldea artean dabilen autobus zerbitzuaren ibilbidea 90 eta 70 minutu artekoa dela, jatorrizko herria zein den, zerbitzu berriak 30 minutu inguru murriztuko du. Denborak, beti bezala, egunaren zirkulazio baldintzen (auto pilaketa handiagoa edo txikiagoak, puntako orduak, etab.) eta eguraldiaren araberakoak izango dira.
Finantzaketa
Zerbitzu berria arautzen eta finantzatzen duen hitzarmenak dakarrena da Bizkaiak, bere eskumenak baliatuz, bere gain hartzea Bizkaibusen bidez zerbitzu berria emateko eta kudeatzeko konpromisoa, eta Arabak, berriz, haren finantzaketan parte hartzeko konpromisoa. Arabak inbertsioaren eta gastu operatiboen % 88 finantzatuko du, biztanleria irizpideari jarraikiz: ibilbide berriak gehienbat arabarrei emango die zerbitzua, eta neurri txikiagoan bizkaitarrei.
Zerbitzuaren kostu zenbatetsia 262.000 eurokoa izango da 2026an, eta pixkanaka handitzen joango da hurrengo ekitaldietan.