Erakundeen aldetik, bileran izan dira Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordea, Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea, Saray Zarate Arabako Ekonomiaren Garapen eta Iraunkortasuneko foru diputatua, Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatua, Txerra Molinuevo Amurrioko alkatea eta Miguel Ángel Gómez Trapagarango alkatea.
Erakundeetako ordezkariek enpresa-batzordeko kideak deitu dituzte, langileen eta haien familien egoerari elkartasuna adierazteko, eta enpresak iragarritako enplegu-erregulazioko espedientearen inguruan batzordeak duen jarrera zuzenean entzuteko eta ezagutzeko.
Ildo horretan, erakundeetako ordezkariek Euskadiko enplegu industrialaren aldeko jarrera irmoa azaldu dute, eta adierazi dute enpresaren eta batzordearen arteko kontsulta- eta negoziazio-prozesuak enplegu-erregulazioko espediente horren eragin soziala minimizatzera eraman behar duela.
Era berean, Tubos Reunidosentzako etorkizuneko industria-proiektu sendo bat babesteko prest daudela adierazi dute. Proiektu horren bideragarritasun-plana enpresak bere zor gero eta handiagoa berregituratu ahal izatearen mende dago. Horri dagokionez, erakundeek harreman zuzena dute Tubos Reunidoseko zuzendaritzarekin, bideragarritasun-plana aztertzeko.
Atzo bertan, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren eta Industria Ministerioaren arteko elkarrizketak izan ziren zor guztiaren berregituraketa aztertzeko, baita SEPIrena ere. Eskerrak eman nahi dizkiogu Espainiako gobernuari zorraren arazoari irtenbidea aurkitzeko eta Tubos Reunidos bideragarri egiteko erakutsi duen jarrera onagatik.
Enpresa-batzordearekin egindako bileran jakinarazi da Eusko Jaurlaritza prest dagoela Tubos Reunidosekin duen 16 milioi euroko zorra berregituratzeko. Beti beste hartzekodun batzuen eskutik eta ahalegin proportzionala eginez.
Eusko Jaurlaritza prest agertu da inbertitzaile pribatuei laguntzeko, Tubos Reunidosentzat etorkizuneko industria-proiektu sendo bat bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak Euskadin bideragarriak diren beste industria-proiektu batzuetan garatu duen lankidetza publiko-pribatuaren ereduari jarraituz.
Hala ere, azpimarratu dute egungo zorraren mailarekin oso zaila dela Tubos Reunidosen aldeko apustua egiteko prest dauden inbertitzaile pribatuak aurkitzea.
Arabako Foru Aldundiak adierazi du prest egongo dela enpresak erakundearekin dituen ordainketa-betebehar guztiak berregituratzeko, bai eta enpresaren etorkizuna bermatuko duen industria-proiektu publiko-pribatu batean laguntzeko ere.
Azkenik, Erakundeek eta Enpresa Batzordeak bilerak egiten jarraitzeko deia egin dute, enpresaren iragarpenaren ondoren gertatzen diren ekintzen bilakaera partekatzeko helburuarekin.