Arabako Foru Aldundiak hitzarmen bat onartu du Laudioko Udalari doan lagatzeko Lamuza parkearen erabilera

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia 2026ko maiatzaren 20a

Foru erakundeak inbertsio handiak sustatu ditu azken urteotan, ia 9 milioi euro, Lamuzako parke osoko eraikinak birgaitzeko eta haien balioa nabarmentzeko
Gobernu Kontseiluak Lamuza parkearen erabilera Laudioko Udalari lagatzeko hitzarmen bat sinatzea onartu du atzo goizean, birgaitze lanak amaitu ondoren parke horren kudeaketa publikoa eta kontserbazioa bermatzeko. 

Hitzarmen horren bidez, eremu osoaren –Lamuza parkea osatzen duten lursail eta eraikinen– erabilera eta gozamena doan lagatzea arautzen da. Parkea leku garrantzitsua da, balio historikoa eta ondarearekin eta ingurumenarekin lotutakoa dituelako eta udalerriko gizarte eta kultura bizitzaren ardatz nagusi delako.

Hitzarmenak esparru juridiko eguneratu eta egonkorra ezartzen du, aurreko hitzarmenak ordezten dituena, eta parkearen udal kudeaketa bermatzen du; hasiera batean, hogei urterako, baina iraupen bereko ondoz ondoko aldietan luzatzeko aukera dago. Eremuaren erabilera publiko eraginkorra bermatzea da helburua, herritarren beharretara egokitua eta gunearen babesarekin eta kontserbazioarekin bateragarria.

Lagatako higiezinak interes publikoko erabileretarako baliatuko dira, ahal dela kultura edo kirol erabileretarako, bai eta ondasunen izaerarekin eta Laudioko Udalari legez esleitutako eskumenekin bateragarriak diren beste helburu publiko batzuetarako ere. Ez da inola ere jasoko instalazioen bizitegi
erabilerarako aukera, Foru Aldundiaren berariazko baimena duten salbuespenezko kasuetan izan ezik.

Laudioko erdialdean dagoen Lamuza parkeak paisaia nabarmenak eta eraikin historikoak ditu, hala nola Lamuza jauregia, Kasinoa eta Musika Etxea. Jatorrizko eraikina izan ezik, zeina udalaren titulartasunekoa baita, eremua Arabako Foru Aldundiaren jabetzakoa da. Aldundiak 1975ean erosi zuen parkea, eta Laudioko Udalari laga dio haren erabilera, duela 40 urte baino gehiagotik.

Azken urteotan, Arabako Foru Aldundiak inbertsio handiak sustatu ditu multzoa birgaitzeko eta haren balioa nabarmentzeko; besteak beste, Kasinoa eta Musika Etxea sendotzeko obrak egin dira, bai eta Lamuza jauregiaren barnealdea zaharberritzeko eta irisgarritasuna hobetzeko lanak ere.

Azken jarduketa hori iaz amaitu zen, eta 2,76 milioi euroko inbertsioa behar izan zuen, eta, horrekin, parkeko elementu esanguratsuenen birgaitzea amaitu zen. Izan ere, 2020an eraikinaren estalkiak, fatxadak eta berokuntza sistema berritzeko lanak egin ziren (2,8 milioi euroko aurrekontua), eta, aurretik 
Musika Etxea eta Kasinoa birgaitu ziren (3 milioi euro). Horrela, Foru Aldundiak 9 milioi euro inguruko inbertsioa egin du, guztira, Lamuza parkeko eraikinetan.

Hitzarmenak Laudioko Udalari esleitzen dizkio eremuaren kudeaketa arrunta, mantentze lanak eta kontserbazioa, bai eta funtzionamendu, garbiketa eta kontsumo gastuak ere. Bestalde, Arabako Foru Aldundiak, jabea denez gero, egiturazko jarduketak hartuko ditu bere gain, eta egindako obren ondoriozko balizko akatsak zuzenduko dituela bermatuko du.

Jarraipen batzorde tekniko bat sortzea ere ezartzen da hitzarmenean, bi administrazioetako arduradun teknikoek osatua. Batzorde hori arduratuko da higiezinen egoera ikuskatzeaz eta behar bezala kontserbatzen direla ziurtatzeko beharrezkoak diren jarduketak koordinatzeaz.

Hitzarmenaren bidez, Arabako Foru Aldundiak Laudiorekiko foru konpromisoa betetzen amaitzen du: Lamuza parkeko higiezin historiko guztiak birgaitzea eta haien balioa nabarmentzea, eta herritarren gozamenerako erreferentzia eremu gisa finkatzea, udalerriko kultura jardueraren eta gizarte kohesioaren eragile gisa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide