Arabako Foru Aldundiak pixkanaka berrituko du eskualdeko garraioa ekainaren 1etik aurrera, linea berriak abian jarrita, plazen eskaintza nabarmen handituta eta erreserba prozedura malguago eginda. Hobekuntza horiek zerbitzuaren urteko aurrekontua % 58 handitzea dakarte, 1,2 milioi eurotik 1,9 milioi eurora.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Azpiegituren foru diputatuak eta Patricia Pérez Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Zerbitzuko zuzendariak prentsaurreko batean aurkeztu dute berrikuntza hori gaur, "azken urteotan eskualdeko garraioaren hazkunde aparta sendotzeko. 2025 urtea 100.000 erabilera baino gehiagorekin itxi dugu, hau da, duela hamarkada bat baino % 350 gehiago eta duela bost urte baino % 120 gehiago".
"Orain, kontratuen berritu beharra aprobetxatuz, zerbitzua hobetuko dugu erabiltzaile berriak erakartzeko, eskualdeko garraio linea berriak sortuz, estaldura indartzeko Arabako Errioxan, Añanan, Aiaraldean eta Gorbeialdean, plaza eta ibilgailu gehiagorekin, eta herri gehiagotan sartzeko. Bidaiarien eskari bat ere gauzatuko dugu: azken orduko erreserbak egiteko aukera", gaineratu du.
Nogalesek hobekuntza horiek Arabako Mugikortasun Jasangarriaren II. Planaren garapenean kokatu ditu, baita tokiko erakundeen eta erabiltzaileen proposamenetan ere, eta nabarmendu du plan hori aplikatzeak berekin dakarrela "eskualdeko garraioaren urteko aurrekontua % 58 igotzea, 1,9 milioi euroraino. Oso ahalegin handia da, eta garraio publikoarekin dugun konpromisoa islatzen du, mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egiteko eta Arabako gizarte- eta lurralde-kohesioa bermatzeko tresna estrategiko gisa".
Baliabideen gehikuntza horri esker, Araba osoko eskualdeko garraio lineen kopurua 29tik 33ra igoko da, zerbitzuaren estaldura geografikoa handitzeko, eskaintza handitzeko eta Alavabusekiko konektibitatea indartzeko. Era berean, landa eremuko taxilarien baldintza ekonomikoak hobetzea ahalbidetuko du, "haien lana publikoki aitortu nahi dut. Egunero zerbitzu hori lurraldeko txoko bakoitzera iristea ahalbidetzen dutenak baitira".
Lehenengo fasea
Eskualdeko garraioaren kontratuak/emakidak pixkanaka berrituko dira, eta lehenengo fasean ekainaren 1etik aurrera hasiko dira berritzen, 23 lineatan:
• 2. linea: Amurrio - Arespalditza
• 3. linea: Amurrio - Urduña
• 4. linea: Aramaio
• 5. linea: Izarra - Murgia
• 6A linea: Legutio - Otxandio
• 6B linea: Vitoria-Gasteiz / Legutio
• 7A linea: Alegría-Dulantzi / Vitoria-Gasteiz
• 7B linea: Alegría-Dulantzi / Burgelu / Azilu / Barrundia
• 8A linea: Alegría-Dulantzi / Agurain
• 8B linea: Agurain-Ozaeta
• 9A linea Agurain-Gordoa-Araia
• 9B linea Agurain-Durru-Araia
• 10 linea: Kuartango
• 13 linea: Arabako espetxea
• 14A linea: Miranda - Lantarón
• 14B linea: Miranda - Zambrana - Berantevilla
• 18 linea: Maeztu
• 19A linea: Kanpezu
• 19B linea: Kanpezu - Bernedo
• 20 linea: Urizaharra
• 21 linea: Bernedo
• 22 linea: Errioxako mendebaldea
• 23 linea: Errioxako ekialdea
Linea horietako gehienek egungo ibilbideak eta ordutegiak mantenduko dituzte, baina Arabako Errioxan ere berrikuntza garrantzitsuak izango dituzte. Eskualde horrek, une honetan, eskualdeko garraio linea bakarra du: Laguardia - Lezako Ospitalea 22 linea. Ekainaren 1etik aurrera, bi linea izango ditu: Errioxako mendebaldea 22 linea eta Errioxa 23 linea. Linea horiek Laguardia, Lezako Ospitalea eta Vitoria-Gasteiz / Logroño Alavabuseko 9 linearekin lotuko dira.
"Linea bikoizten dugunez, plaza eskaintza handitzen dugu eskariaren hazkundeari erantzuteko, maiztasuna handitzen dugu Bilar, Kripan eta Lantziegon, eta eskualdeko garraio zerbitzua ematen dugu lehen aldiz hiru herritan: Moreda Araba, Gorrebusto eta Labraza. Herri horiek Alavabus zerbitzua dute, eta astelehenetik aurrera eskualdeko garraioa ere izango dute", zehaztu du foru diputatuak.
Hilabete geroago, uztailaren 1ean, bigarren fase batean, 9 linea berrituko dira:
• 1A linea: Artziniega
• 1B linea: Amurrio-Artziniega-Soxo
• 11 linea: Gaubea ekialdea
• 12 linea: Pobes
• 15A linea: Miranda – Ribabellosa - Armiñón
• 15B linea: Argantzon - Armiñón
• 16 linea: Trebiñu ekialdea
• 17 linea: Trebiñu mendebaldea
• 25 linea: Gaubea mendebaldea
Bigarren linea multzo horrek berrikuntza eta hobekuntza garrantzitsuak ditu Añana eta Aiaraldeko eskualdeetan.
Horrela, Añanako Kuadrillan, eskualdeko garraioak bi kontraturen eta bi ibilgailuren bidez emango die zerbitzua Añana eta Gaubeako udalerriei, orain baino bi aldiz gehiago, eta horrek bikoiztu egingo du plazen eskaintza eta Alavabusekiko ordutegi konexioak hobetzea ahalbidetu. Gainera, Armiñóni eta Estavillori zerbitzua ematen dien 15B lineak geltoki berri bat izango du Argantzongo tren-geltokian, errazteko tren bidezko konexioa Vitoria-Gasteizekin.
Aiaraldearen kasuan, bi linea berri jarriko dira martxan egunero Artziniega, Arespalditza eta Amurrioko guneei zerbitzua emateko, 5 eta 7 ibilaldi artean lanegunetan noranzko bakoitzeko eta 4 ibilaldi larunbat, igande eta jaiegunetan:
• 1A linea Artziniega: lotuko ditu Añes, Lexartzu, Erbi, Retes de Llanteno, Opellora, Llanteno, Campijo, Santa Koloma, Mendieta, Erretes Tudela, Gordeliz, Soxo eta Soxoguti Artziniegarekin.
• 1B linea Amurrio-Artziniega-Soxo: lotuko ditu herri horiek Artziniega, Arespalditza eta Amurriorekin (Campijo, Gordeliz eta Mendieta Artziniega eta Amurriorekin soilik lotuko dira). Linea horrek Artziniega lotuko du Amurrio eta Arespalditzarekin.
Linea berria Gorbeialdean
Azkenik, eta pixkanakako berrikuntza horren esparruan, Saila lanean ari da datozen hilabeteetan Gorbeialdea eskualdeko garraio linea berri batez hornitzeko, Zigoitiko herriguneei zerbitzua emateko. Linea berri horrek Gorostiza, Zestafe, Okoizta, Manurga, Ondategi, Olano, Zaitegi, Letona eta Mendarozketa herriak Gopegirekin, Gorbeia merkataritza zentroarekin eta Vitoria-Gasteizekin lotuko lituzke.
Erreserbak bi ordu lehenago
Horrekin batera, eta oro har linea guztietan, eskualdeko garraioak malgutasun handiagoa izango du erreserba prozeduran uztailaren 1etik aurrera. Erabiltzaileek orain arte bezala erreserbatu beharko dute plaza irteeraren aurreko eguneko 20:00ak baino lehen, baina nobedade gisa, eta ezohiko egoerei erantzuteko, azken orduko erreserbak egin ahal izango dituzte, irteera baino bi ordu lehenago gehienez, baldin eta bidaia programatuta badago eta plaza libreak badaude.
Azken orduko erreserba horiek 5 euroko tarifa berezia izango dute, eta eskudirutan ordaindu beharko dira. Erreserba arrunten prezioa aldaketarik gabe mantenduko da: 2 euro BAT txartelarekin ordainduz eta 2,5 euro eskudirutan ordainduz. "Tarifa berezi horren helburua da erabiltzaileek azken orduko erreserbak behar bezala erabiltzea, ohiko prozedura oraindik ere ezinbestekoa baita taxilariek beren lana planifikatu ahal izateko eta eskualdeko garraioak eraginkortasunez eta efizientziaz funtziona dezan".
"Gogorarazi nahi dut eskualdeko garraioaren tarifen % 95 funts publikoekin finantzatzen dela, eta txartelaren prezioak, herritarrek ordaintzen duten prezioak, beraz, zerbitzuaren benetako kostuaren % 5 baino ez duela estaltzen", esan du.
Datozen egunetan, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak informazio kanpaina bat jarriko du abian, eskualdeko garraioko geltokia duten herrietan bizi diren arabarrei berrikuntza eta hobekuntza horiek guztiak helarazteko. Kanpaina Arabako Errioxan hasiko da, astelehenetik eskualdeari zerbitzua emango dioten bi lineen ibilbideak eta ordutegiak ezagutarazteko, eta zerbitzuei eta konexioei buruzko informazio erraza eta argia emango du.