Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak gaur aurkeztu du Arabako Batzar Nagusietan Lurraldeko edukiera handiko bideetan erabileraren araberako ordainketa sistema berria arautuko duen foru arau proiektua. Arau hori, lehenik eta behin, 2026ko azaroaren 11tik aurrera aplikatuko zaio AP-68 autobidearen Arabako zatiari.
Halaber, emakida amaitu ondoren AP-68 autobidean erabileragatiko ordainketa sistema garatzeko eta ezartzeko prozesuaren azken urratsak zehaztu ditu Nogalesek, eta iragarri du ondorengo foru dekretu batek ezarriko dituela bidearen tarifak. Baieztatu duenez, tarifa horiek “publikoak” izango dira eta “egungoak baino askoz txikiagoak: % 70 gutxiago ibilgailu arinentzat eta % 50 gutxiago kamioientzat”.
Hobarien sistema eguneratu egingo dela ere iragarri du, Aiaraldeko Kuadrillak Bilborekin eta Bizkaiarekin duen harreman berezia kontuan hartuta.
Foru diputatuak gogorarazi duenez, arau proiektuaren abiapuntua adostasun zabal baten ondoren Arabako Batzar Nagusien agindua da, ahalmen handiko bideak finantzatzeko sistema berri bat ezartzekoa eta erabileraren araberako ordainketan oinarritua, autobiak, autobideak eta Errepideen Foru Sare osoa mantentzeko eta modernizatzeko baliabideak bermatze eta arabarrei segurtasun estandar handienak dituzten errepideak eskaintzen jarraitze aldera.
"Araua onesteko adostasun zabal horri eustea da helburua, eta ziur nago hala izango dela; izan ere, egoeraren azterketa bera partekatzen dugu, eta nire borondatea, Foru Gobernu honen borondatea, proiektu hau horretarako prest dauden batzarkide talde guztiekin negoziatzea eta adostea da. Lehen hitz egin dugu, orain ere hitz egiten ari gara, eta berriro egingo dugu ahalik eta adostasun handiena lortzeko”, adierazi du.
Arau testua
Proiektuak Arabako edukiera handiko bideetan (AP-68 autobidea barne) sistema ezartzeko lege arkitektura eskaintzen du, eta 3 kapitulu, 19 artikulu, 4 xedapen gehigarri eta 3 azken xedapen ditu. Haren edukia Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako arlo horretako arauen antzekoa da, baina Arabako berezitasunetara egokituta: 1.455 kilometroko sare zabala eta urtean 16 milioi euroko inbertsio premia duten edukiera handiko eta nagusiki igarobideko zirkulazioa duten bideen mantentze lanetarako.
Arau testuak tarifatzeko bideak ezartzen ditu, eta zehazten du kanona oro har ibilgailu astunei aplikatuko zaiela, eta, bereziki, ibilgailu arinei AP-68an, trafikoaren banaketa/ezaugarriak kontuan hartuta. Kanon hori honako hauek osatzen dute: erabileraren araberako ordainketa sistemaren kudeaketaren kostuek, azpiegituraren mantentze eta modernizazio kostuek eta kanpoko beste kostu batzuek.
Proiektuak, halaber, foru dekretu bidez erabileraren araberako ordainketa tarifetarako hobariak onesteko aukera arautzen du, eta ordaintzeko bitarteko gisa zehazten ditu ViaT gailu elektronikoak eta/edo Arabaten webguneko erregistro telematikoa, banku txartela eta matrikula lotuta, nahiz eta tarte jakin batzuetan eskudirutan eta kreditu/zordunketa txartelaren bidez ordaintzea jasotzen duen. "Lasaitasun mezu bat helarazi nahi dut, sistemaren lehen hilabeteetan erabiltzaileekiko harremana orain bezalakoa izango baita».
"Berrikuntza positiboak baino ez dira egongo. Tarifak baxuagoak izateaz gain, autobiderako sarrera arinagoa izango da, ez baita beharrezkoa izango tiketa jasotzea eta ibilgailuaren identifikazioa kameren bidez egingo da", adierazi du.
Testuak, gainera, Arabat foru sozietate publikoari esleitzen dio kanonaren kudeaketa eta bilketa; ez ordaintzeagatiko zehapenak ezartzen ditu – % 20ko penalizazioa –, eta diru sarreren xedea antolatzen du: lehenik eta behin, azpiegituraren kontserbazioa, ustiaketa, operatiba eta hobekuntza inbertsioak egiteko kostuak ordaintzea; eta, premia horiek bete ondoren, gainerako errepideen kontserbazioa eta modernizazioa, ingurumen babesa eta mugikortasun jasangarriaren sustapena.
Foru diputatuak baieztatu du hurrengo foru dekretu batek edukiera handiko bideei aplikatu beharreko tarifak ezarriko dituela, eta nabarmendu du AP-68 autobidearen Arabako zatiaren kasuan “izaera publikoko tarifak izango direla, gaur egungoak baino askoz txikiagoak: % 70 txikiagoa turismoentzat eta % 50 ibilgailu astunentzat. Hala, Arabako tarte osoaren prezioa 11,20 eurokoa izatetik 3,35 eurokoa izatera igaroko da, eta Gasteiz-Bilbo ibilbidearen Arabako zatiaren kanona 3,52 eurokoa izatetik 90 eurokoa izatera".
"Gizarte eta ekonomiaren aldetik orekatu eta jasangarria den tarifen eskema horrek helburu bakarra du: Arabak inbertsio erritmoari eusteko behar dituen baliabideak bermatzea, gure errepideen foru sarea kontserbatzeko eta modernizatzeko. Azken batean, errepide eroso, seguru eta modernoak arabarren eskura jartzen jarraitzeko inbertsioak".
Tarifak eta hobariak
Etorkizuneko dekretuaren tarifak kilometroko izango dira, eta homogeneoak izango dira AP-68ko Arabako zati osorako eta edukiera handiko gainerako bideetarako: 6 zentimo ibilgailu arinentzat AP-68an; eta 18 eta 20 zentimo I eta II ibilgailu astunentzat ahalmen handiko bide guztietan. Horrela, zenbatekoa handiagoa edo txikiagoa izango da egindako kilometroen eta ibilgailu motaren arabera. Sistemaren oinarrizko printzipioa: bidearen benetako erabileraren araberako kanona, gehien kutsatzen eta hondatzen duenak gehiago ordain dezan.
Nogalesek zehaztu duenez, azterlanen arabera, AP-68 autobideko sistemak 20 milioi euro inguruko diru sarrerak sortuko ditu 2027an, eta sarrera horiek hauetarako erabiliko direla: autobidearen mantentze lanetarako, sistema berria ezartzeko eta haren kudeaketa operatiborako inbertsioei aurre egiteko eta edukiera handiko bide guztiak kontserbatzeko partidak behar adina baliabidez hornitzeko. Eta autobidea eta edukiera handiko beste bide batzuk mantentzeko eta hobetzeko kostuari buruzko datu batzuk eman ditu.
"AP-68 autobidearen mantentze lanetarako, 5 milioi euroko inbertsioa egin beharko da datorren urtean, eta A-1 autobiaren kasuan, zeinak lurralde osoa zeharkatzen baitu, sailak 16 milioi euroko kontserbazio defizita aurreikusten du", adierazi du.
Nogalesek iragarri du azaroaren 11tik aurrera ohiko erabiltzaileentzako hobarien sistema egokituko dela Aiaraldeko egoera bereziari erantzuteko. "Bizkaiko taratea soilik hobarituko dugu, bakarrik emango dugu hobaria, tarifa efektiboa, Araban bezala, egungoa baino % 70 txikiagoa izan dadin. Arabarrek eta, bereziki, AP-68 autobidea Bilbora eta Bizkaira behin eta berriz erabiltzen duten Aiaraldeko biztanleek % 70 gutxiago ordainduko dute ibilbide osoan".
Sistema eguneratzeak, beraz, berekin ekarriko du, batetik, AP-68 autobideko Arabako tarteen hobaria azaroaren 11tik aurrera indarrean ez egotea, kontuan hartuta tarifa arruntak % 70eko murrizketa izango duela erabiltzaile guztientzat (Arabako tartearen hobaria, gaur egun, % 60koa da), eta, bestetik, gai horri buruzko Europako araudia aplikatzeko eta sistemaren jasangarritasuna, oreka eta helburuak bermatzeko betebeharra.
Gainera, sistema berria erabat ezarrita dagoenean, hobariak aztertuko dira araudi horren arabera, ibilgailuen CO2 emisioak eta beste faktore batzuk kontuan hartuta.
Eutsi egingo zaio Altube-Ziorraga abiapuntua eta helmuga duten ibilgailu astunentzako tarifaren % 100eko indarreko hobariari, zirkulazioa antolatzeko, bide segurtasunerako eta Altubeko mendateko ingurumen babeserako berariazko arrazoiengatik.