Aurreko asteburuan Gimnasia Erritmikoko Espainiako Banakako Base Txapelketa lehiatu da Guadalajaran. Bertara, Aresketa taldeko 4 base federatuak joan dira: 3 kadete eta gaztetxo bat. Txapelketan parte hartzeko martxoan jokatutako Euskadiko Txapelketan sailkatu behar izan ziren, autonomi erkidego eta kategoria bakoitzeko bakarrik 20 gimnasta joan ahal zirelako.
Base federatu kategorietan, urte bakoitzean bakarrik tresna bat lantzen dute. Aurten gaztetxoei mazoak egokitu zaizkie eta kadeteei, aldiz, zinta.
Hauek izan dira Aresketa taldeko sailkapenak:
Base gaztetxoak (guztira 221 gimnasta):
32. Leire Aldama 8,450 punturekin
Base kadeteak (guztira 222 gimnasta):
7. Maialen de la Peña 9,450 punturekin
9. Nerea Monasterio 9,250 punturekin
72. Paula López 7,400 punturekin
Kadete mailan bi gimnasta lehenengo hamarren artean sailkatzea emaitza oso ona da Aresketa taldearentzat, talde apala baita, neska eta baliabide gutxikoa. Gainera, nahiz eta iazko emaitzak ere oso onak izan, hauek hobetu dituzte, kadete mailan gimnasta bakarra lehenengo hamarretan sailkatu baitzen, zazpigarrena hain zuzen ere.