Ezker-eskuin

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko abe. 18a, 00:00

Eskuma eta ezkerra bereizten ikasi egiten dugu, bost urtetik aurrera edo. Baina jende asko dago ezkerra eta eskuma nahasten dituena. Gure auzokoa horietako bat da. Badoa Kapstadt hiritik autoa gidatzen, gauez, eta ondoan duen lagunak ematen dizkio jarraibideak. Lagunak ere nahastu egiten ditu ezker-eskuin. “Ezkerretara”, esan dio lagunak bidegurutze batean. Ez, ez!. “Beste” ezkerrera.

Bukatzera doan 2016. urteak lezio batzuk eman dizkit ezker-eskuin auzian. 2015. urtearen atarian hasi zen garai berria. Horrela aurkeztu zuten Greziako Gobernua osatzeko (ezkerreko) Syrizak eta (eskumako) Greziar Independenteak elkarrekin osatu zuten koalizioa. Kategoria zaharkituak omen ziren ezkerra eta eskuma. 2016. urteko gertaera politikoek, bozetan adierazitako jarrerek behinik behin, lagundu didate ulertzen, zergatik dauden ezker-eskuin horren hurbil. Eta, ai, horren urrun!

Oinarrian oso sinplea da mekanismoa: zentroko politikari ei direnek ez badiote jende arruntaren kezkei erantzuten, jende arrunta zentrotik mugitu behar da, eta muturretara joan.

Alemanian boto-emaileen kontrako politika egin dute zentroko taldeek, Volkspartei deritzotenek, herriaren alderdiek. Sozialdemokraziaren ezkerrean kokatzen den Die Linke nagusi izan den lurraldeetan, berdin; huts egin die boto emaileei. Eta hara, Angela Merkelen alderdiaren eskuman kokatu den talde batek egin du sarrera joko politikoan, AfD alderdiak. Nori eta Die Linke-ri kendu dizkio boto asko, non eta hauek indarra zuten tokietan. Azken batean, mutur bat eta bestea hurbil daudela aditzera ematen digute, berriz ere. Frauke Petry, talde eskuindarrekoa, Marine Le Penekin ondo konpontzeaz gain, Die Linkeko Sarah Wagenknecht-ekin ere ondo moldatzen omen da.

Elkarrekin eman duten elkarrizketa baten harira, bien arteko elkarguneak azpimarratu izan dituzte komunikabideek: Europar Batasunaren demokrazia defizitari egiten dioten kritika, TTIP eta CETAri ezetza edo Deutsche Bank-aren balizko erreskate publikoaren kontrako jarrera.

Gerta liteke, beraz, Grezian bezala, koalizioa osatzea? Nazionalista eta arrazista izatea egotzi dio Wagenknechtek AfD-ri. Frauke Petrik ez(in) ditu esan edo sare sozialetan argitaratu Donald Trumpen adinako astakeriak, baina aurpegiratzen zaio alderdiko zenbait kideren mezu iraingarrietatik distantzia ez hartzea; hauek onartzea, publiko mota batengana heltzeko asmoz.

AEBetan ez da zentroko muturretan sortutako alderdietara joan botoa; nahikoa izan da alderdi tradizionaletako batean hautagai hiperboliko bat jartzea. Baina han ere, Trumpen mezu diskriminatzaileak alde batera utzita, hark aipatzen dituen behar batzuetan zuzen dabilela adierazi du Bernie Sanders senatariak berak. Hauteskundeen ondoren CNN katean emandako elkarrizketan klase ertainen, klase langilearen beharrez aritu zen Sanders. Bat dator Trumpek programan izan dituen hainbat gairekin: gutxiengo soldaten igoera, azpiegiturak berregiteko premia, TTIP eta beste itun transnazionalei ezetza. Iparramerikarrek askotan oso argi esan ditzakete gauzak, denok ulertzeko moduan: haserre egoteko arrazoiak badaudela esan zuen Sandersek, koska dela haserre hori nora bideratu. Zeren eta, ezkerrera edo eskuinera bideratu, ez da bigarren mailako gauza. Nola izango da berdin? Musulman, latino, emakume, homosexualei bideratutako irainak aintzat ez hartu? Ezkerra eta eskuma ez dira gauza berbera. Ez dira, ezinegon berari (gauden lekuan egoten jarraitu ezinari) erantzuna ematen diotenean ere.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide