Mendebaldeko botere finantzarioa eta bere esanetara dauzkan hedabide eta intelektual globalizazio zaleak urduri daude. 1990eko hamarkada amaieratik botere politikoa, ekonomikoa, kulturala eta militarra galtzen ari dira. 2005. urtean Triadako herrialdeek (Kanada-AEB, Europa eta Hego Korea-Japonia) munduko populazioaren %14rekin, BPGren %74,2 zuten beraien esku. BRICS herrialdeek aldiz (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika), planetako biztanleen erdia izanik BPGren %13 ordezkatzen zuten soilik. Bost urte beranduago, 2010ean, Triadak %54,5 jaitsia zuen bere partaidetza munduko ekonomian, BRICSak, aldiz, %28ra iritsi ziren. Orduko iragarpenek 2050ean BRICS herrialdeak munduko ekonomiaren %43 ordezkatuko zutela zioten eta Latinoamerikako ezkerreko aliatuekin eta Ekialde Hurbilekoekin erraz gaindituko zuketen Triada eta haren aliatuen (Arabiar penintsulako erresumak eta Zeelanda Berria-Australia) pisu ekonomikoa.
Egoera horren aurrean, 2010etik aurrera, AEBek eta bere aliatuek iragarpenak bete ez daitezen estrategia berritu zuten. Pobretutako herrialde gehienentzat baliabideen kontrola berreskuratzea eta hauen ustiakuntza bideratzea da garatzeko lehen pausoa. Horregatik, petrolioaren eta gasaren prezioari eraso egin zion Mendebaldeak bere Arabiar penintsulako aliatuekin koordinatuz. Estrategia hori elikatzeko Libiaren soberania lapurtu eta beraien kontrolpera eraman zuten.
Sirian operazioa errepikatu nahi izan dute egungo gobernua estigmatizatuz, Al Qaeda eta ISIS armatuz, nazioarteko legediaren kontrako bonbardaketa ilegalak eginez, aliantzako armada batzuen zuzeneko partaidetza bultzatuz, eta gezur eta manipulazioen zaparrada amaigabe bat sustatuz
NATOko herrialdeei eta arabiar erresumei Libiako erregimen aldaketa bortitza musu-truk atera zitzaien. Hedabideek datuak ezkutatu eta gezurrak zabaldu zituzten interes inperialistak mozorrotu eta esku-hartzea irensteko giroa sortzeko. Halere, jokaldiak geroz eta narrasagoak izan ziren. Behin gola sartu bazuten ere, bigarrenean huts egin dute. Sirian operazioa errepikatu nahi izan dute egungo gobernua estigmatizatuz, Al Qaeda eta ISIS armatuz, nazioarteko legediaren kontrako bonbardaketa ilegalak eginez, aliantzako armada batzuen zuzeneko partaidetza bultzatuz, eta gezur eta manipulazioen zaparrada amaigabe bat sustatuz. Guztia ez da nahikoa izan: Errusiak, Iranek eta Txinak muga jarri diote NATO eta bere aliatuen esku-hartzeari.
Gerra ez da amaitu, baina, Barack Obamak eta globalizazioaren bozeramailea den The Economist aldizkariak, besteak beste, argi adierazi dute Alepporen askapena Mendebaldearen porrota dela. Gogoratu behar dugu Aleppon ez zela gobernuaren kontrako oposiziorik antolatu eta ez zela 2011n manifestaziorik egon. 2012an jihadistek hasi zuten konkista, baina orduan hedabideek ez ziguten kontatu setio hori. Lau urte beranduago Siriako Gobernuak ekialdeko Aleppo askatu du. NATOk bataila galdu duenez, gerra mediatikoa irabazteko edozein gauza egiteko prest dago. Nazioarteko kazetari guztiak eta NBEko delegazio guztiak Siriako Gobernuak edo kurduek kontrolatzen dituzten aldean daude, izan ere, matxino jihadisten aldean bizirauteko aukerak gutxi dira, alde batean Al Qaeda eta salafisten arteko koalizioa dago eta bestean, ISIS. Halere, inongo informazio iturririk gabe errepikatu digute “sarraski” bat egin dutela Siriako indar armatuek eta Errusiak (nazioarteko legedia errespetatuz borrokatzen ari dena). Frogak zein dira? Zero. Lehenengo pertsona batzuk kasko zuriekin antzezlanak egiten jarri zizkiguten, gaur erabat frogatuta dago muntaiak zirela, areago, AEBek kasko zurien buruari debekatu egin zioten beren lurraldean sartzea lotura terroristak izateagatik. Azken muntaia lau militante jihadistaren bideo eta elkarrizketa koordinatuak izan dira, inolako filtrorik gabe hedabideetan zabaldu direnak, nahiz eta beraien facebook eta twitter kontuetan garbi geratu zen Al Qaeda edota ISISekin zituzten loturak. Bitartean, Aleppoko herritarren ospakizun irudiak ezkutatu egin dizkigute.
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.