Itxurakeria dantzan

Telebistan, sarean, oholtzan eta plazan, itxurakerian erorita ageri gara dantzariak. Beldurra diot telebista pizteari, gure lotsak agerian jartzeko gaitasuna baitu ispilu makur horrek. Alferrik da ostrukarena egitea, berehala dut uasapa agintari: “Jarri telebista! Ikusi zelako dantzak!”. Eta obeditzen makal xamarra naizelakoan, ikusiz beste barik bihotza hilko didan dantzaren bideoa dator kanal beretik. “Ezin gintezke engaina, xumetasun hau gu gara” kantatu zigun Makagorriak Bidador pastoralean. Baina, Joxemiel Bidador dantzariaren xumetasun arrastorik sumatzen al da dantzarion jardunean?

Kokotsa ondo altxatuta eta bularra zeharo puztuta ageri gara jendaurrean. Gorputzaren kontzientzia egoaren arrandia bihurtuta, mugimenduaren zehaztasuna harropuzkeriaz hanpatuta. Besoak dantzarako altxatzean, toreatzaileak montera lurrera botatzean darabilen lotsagabekeria erakusten dugu dantzariok. Oinekin lurrean marrazten dugu, poema larriak kaligrafia loratuaz idazten dituenaren transzendentziaz; alkandoran kabitu ezinda, emozioak edertasunetik kontatzen ariko bagina bezala dantzatzen.

Kokotsa ondo altxatuta eta bularra zeharo puztuta ageri gara jendaurrean. Gorputzaren kontzientzia egoaren arrandia bihurtuta, mugimenduaren zehaztasuna harropuzkeriaz hanpatuta

Aitzurlari bat dantzatzen ikusi zuen Juan Inazio Iztuetak. Billanzikoa dantzatu zuen eskolatu gabeko nekazariak. Bere dantzarako abilezia eta jakintzaren erakusgarri, dantza beraren hamasei aldaera dantzatu zituen. Bularra bihotza hauspotzeko hanpatuko zuela pentsatu nahi dut, ez zituela birikak indioilarrarena egiteko puztuko. Aitzurrean egiten zuen moduan irudikatzen dut dantzan Urnietako baserritarra, ostikoz indartsu, apainduraz soil, keinuetan doi.

Dantzakera soila ez da soilik baserritarren bertutea izan. Hiriburuetako jauntxoen dantza-maisuek zorrotz zigortzen zuten estilo hanpatua. Itxurakeriak dantzariaren trebetasuna iluntzen duela idatzi zuen Juan Esquivel Navarro dantza-maisu sevillarrak. Gorputza “artifiziorik gabe, laxo, kalean eramaten den modu berean” dantzatu behar zela zioen, “itxurakeriak eta harrokeriak ongi egindako guztia okertzen baitu”.

Txertoa, hantura zulatzeko ziztada, Juan Antonio Urbeltz Navarrok banatzen du gurean: “Dantza ezazue pilotan jokatzen den moduan”. Euskal dantzaren estetika lezioa sei hitzetan. Dantzari puztuon oinak lurrera jaisteko, harriz betetzen digu motxila dantza-maisuak. Dantzan pilotan egiten den moduan egiteak eskatzen du egiaz dantzatzea, simulatu gabe, itxurakeriarik gabe, plantak egin gabe. Pilotari indarrez, abiaduraz eta zehaztasunez eman behar zaio, mugimendua edertzeko keinuak baztertuz, autokonplazentzia erakustaldiak saihestuz.

Dantzan ari garen itxurak egiteari utzi eta dantzan egitea da kontua.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide