Saski zulatua

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko urtarrilaren 29a

Jordi Pujolen sasoian Kataluniako Gobernuak Madrilekin zerabilen negoziazio era izendatzeko Peix al cove (arraina saskira) metafora erabiltzen zen. Alegia, hobe dela arrain bat saskiratzea, aukeran hamaika izatea baino; eskuragarri ikusten diren lorpenekin konformatu behar dela. Bada, katalanak aspaldi konturatu dira, arrain-hondarren eskean ibili eta indarrak etengabeko ukazioari erantzuten ahitzea baino, puskaz hobea dela menpekotasunik gabeko saskia eskutan hartu eta arrain bilketa burujabeki antolatzea.

Kataluniako herria subiranotasunaren bidean buru-belarri sartuta, EAJri egozten zaio orain baxurazko arrantzara itzultzea. PPren gutxiengoa eta bien ala bien aurrekontuak onartzeko premia tarteko, harremanen hobetzea eszenifikatu dute. Izoztea edo desizoztea nolanahikoa izanda ere, nabarmena da negoziazioen abiapuntua gaiztoa dela. Alferrikakoa baita zulatuta dagoen saskira arrainen bat sartzeko ahalegina. Espainiako Gobernua eta Konstituzio Auzitegia arduratu dira saski hori zulatzeaz: eskuduntza transferentzia blokeatuta egoteaz gain, birzentralizazio ekimen nabarmena dago alorrez alor eta euskal erakundeen erabakiak sistematikoki gutxiesten dira helegite-oldearen bidez. Autogobernuan aurrera egitea saihesteaz gain, atzera bidea dakar horrek.

Negoziazioetan eginkizun garrantzitsua izango omen duen Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak berak halaxe aitortu du: autogobernua larriki higatu dute. Halere, nahiz eta eskumenen urraketei erantzuteko deia luzatu duen, azpimarratu du kasu guztietan Madrilekin negoziatzea izango dela lehen aukera, helegiteak aurkeztea saihesteko. Saski zulatua hornitzeko alferlana berriro ere. Era horretan, negoziatu beharrekoa atzera emandako pauso guztiak leheneratzea izango baita, benetako auzi politikoa alde batera utzita.

Kataluniako herria subiranotasunaren bidean buru-belarri sartuta, EAJri egozten zaio orain baxurazko arrantzara itzultzea. PPren gutxiengoa eta bien ala bien aurrekontuak onartzeko premia tarteko, harremanen hobetzea eszenifikatu dute. Izoztea edo desizoztea nolanahikoa izanda ere, nabarmena da negoziazioen abiapuntua gaiztoa dela

Aurki 40 urte beteko ditu Gernikako Estatutuak, eta Espainiako Gobernuak sinatutakoak bete gabe segitzen du. Zeharo ezberdina litzateke abiapuntua hauxe izango balitz: sinatutako kontratua ez duzue bete, hortaz, kontratua bertan behera geratzen dela deritzogu. Estatutuaren testuak ez du gauzatzeko epea zehazten, edozein kontraturen funtsezko atala, alegia. Horrek esan nahi du Espainiako Gobernuak sine die atzeratu dezakeela eskuduntzak euskal erakundeen esku uztea. Hori gutxi balitz, jada transferituta dauden ahalmenen gaineko etengabeko helegiteek behin eta berriro ezeztatzen dute alor horietako autonomia. Eta saskiaren zuloa handituz doa.

Beste horrenbeste gertatzen da kupoari dagozkion elkarrizketekin. Zer ordaintzen dute EAEko eta Nafarroako erakundeek kupo edo ekarpenaren bidez? Nahi eta behar al ditugu “zerbitzu” horiek? Ez dakit oso presente ote dagoen kupoaren bidez ordaintzen dena, besteak beste, Armada, Polizia Nazionala, Guardia Zibila, CNI-a, errege-erreginen familiaren luxuzko bizimodua, Espainiako kirol selekzioak edo Auzitegi Nazionala direla. Uxue Barkos lehendakariak, esaterako, bere irizpide propioen arabera kalkulatu du Nafarroak ordaindu beharreko kopurua. Zenbakia alde batera utzita, ez legoke gaizki barnebiltzen duenari buruzko eztabaida abiatzea. Bestela, zeharka, gure herriaren ukazioan eginkizun zuzena duten eta batere maitatuak ez diren erakundeak finantzatzen geundeke. Eta saskia zume barik uztea litzateke hori.

Negoziazio antzuen gurpil zoroa eteteko aukera bakarra burujabetzaren aldeko jarrera irmoa hartzea da. Gaur egungo marko legal eta juridikoan atzerakada inposatzen duen ufada birzentralizatzaileari eusteko, inoiz baino presenteago egon behar da erabateko subiranotasunaren aldarrikapena. Kataluniar herriaren gisara, guk ere hobe genuke Espainiako Estatuaren soka askatu eta gure saski propioa irutea.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide