CSNk onespena eman dio Garoña berriz irekitzeari

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ots. 8a, 21:04

UNAI BREA | Ez da ustekabekorik izan eta Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN) oniritzia eman dio Garoñako zentralaren bizitza 2031ra arte luzatzeko eskariari, Kontseiluak berak eskatutako zenbait erreforma oraindik egin gabe badaude ere. Behin CSNk argi berdea emanda, Industria Ministerioari dagokio orain zentrala berriz martxan jartzeko baimena ematea edo ukatzea.

Itxura osoz, Garoñaren jabeak, Nuclenorrek –erdibana Endesak eta Iberdrolak osatua–, ez du asmorik 2012ko abendutik geldi dagoen zentrala berpizteko, ez litzaioke-eta errentagarri suertatuko, bereziki kontuan izanda hogei milioi euro inguru gastatu beharko lituzkeela segurtasun arloko hobekuntzetan. CSNk emandako aldeko txostenak hobekuntza horiek egitera behartzen du enpresa, a posteriori bada ere.

Alta, jokaldia primerakoa izan daiteke estatuko konpainia elektriko handientzat eta bereziki Garoñako ugazaba bientzat. Hasieran eskatu zitzaizkien egokitzapenetan eurorik gastatu gabe, etorkizunean irabaziak ekar diezazkiekeen aurrekaria lortu dute. Datorren hamarkadan Espainiako Estatuko gainerako zentral nuklearrei aurreikusitako bizitza agortuko zaie –ia denetan parte hartzen dute Endesak eta Iberdrolak– eta Garoñaren adibidea baliatu dezakete haien luzapena eskatzeko. 2020an izango lehen round-a, Almarazeko (Extremadura) zentralaren baimena orduan agortuko baita.

Ohiko 40en ordez, Garoñak 60 urtera arte funtzionatzeko oniritzia eman du CSNk funtsean. Osoko bilkurako lau kidek bozkatu dute horren alde eta bakarrak aurka; datua oraindik jakinarazi ez bada ere, segurtasun osoz esan daiteke aurkako botoa Cristina Narbona Ingurumen ministro ohiarena dela. Narbonak ezetz bozkatu du Garoñaren bizitza luzatzearen alde CSNk emandako urrats bakoitzean, segurtasunaren ikuspegitik halako luzapen batek lituzkeen ondorioak behar bezala aztertu ez direla argudiatuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide