Etsitzen hasiak ginelarik

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ots. 19a, 00:00

Seguru aski, Uxue Barkosen gobernuak beharrezkoak zituen hogei hilabete geldo hauek. Jokoaren arauez jabetzeko. Indarrak neurtzeko. Tiraderetan arakatzeko. Tranpak detektatzeko, indargabetzeko. Sabaiak eta estoldak ezagutzeko. (Benetako) lagunak eta (benetako) etsaiak bereizteko… Zein luze egin zaizkigun, ordea.

Kezkagarriena ez dira izan hasiberriaren hanka-sartzeak. Kezkagarriena izan da arintasun falta, tonu grisa, erabakiak hartzeko herrena. Munduko denbora guztia balu bezala ari zen, munduko denbora guztia duenik ez dagoelarik batere garbi. 2015ean, maiatzean piztutako esperantza zalantza bilakatzen hasia zen abenduan. Zalantzatik etsimendura lerratzen hasiak ginen 2016ko hondarrean.

Hara non, gobernua gobernatzen hasi da bat-batean.

Hitzarmen ekonomikoa dela-eta Madrili hortzak erakutsita, jokoz kanpo harrapatu du UPN. Trenaren eta ubidearen proiektu gatazkatsuei nola heldu dien ere ez zuen espero Javier Esparzaren alderdiak. Ikurren sinboloaren baliogabetzea ez da jadanik promesa bat. Euskararen plan estrategikoaren aurkezpenak norabide bat eta helmuga batzuk markatu ditu arrankatu ezinik zirudien alorrean. Gure hizkuntzaren erabilera arautuko duen foru dekretua, nonbait, berehala da etortzekoa.

Ezin erran gobernuak azeleragailua sakatu duenik. Egiazko neurriak berantesteko denbora izanen dugu aurten ere, Barkosen kabineteak bere buruari jartzen dizkion epeen luzea ikusirik. Datu guztiak mahai gainean izan arte erabakiak geroratzeko urte eta erdi honetako grina ez da apalduko legegintzaldiari dagokion denboran. Kontu honek, nolanahi ere, bertzelako itxura hartu du.

Albisteak jarioan heldu dira, eta gehienak gozo. Euskararendako dirua zenbait aldiz biderkatu da Nafarroako 2017ko aurrekontuetan. Iruñeko haur eskoletan euskarazko eskaintza handituko da aurten ere. Erriberan, D ereduaren aldeko apustu publikoa finkatua eta hobetua dator aurten. Zonifikazioak astindu bat hartuko du luze gabe: eremu ez euskalduneko hamabi udalek adierazi diote Nafarroako Gobernuari eremu mistoan egon nahi dutela. Bertze hainbat herriren –Tafalla, Zangoza– bide-erakusle izanen dira agian.

Bada oraindik gutixko irizten dionik horri guztiari. Brida dezala bere burua. Hizkuntzaren kontrako jarreren gorakada detektatu du azken inkesta soziolinguistikoak; UPNren eta PPren espantuek ez dute ez entzule ez bozgorailu falta. Gainerakoetan ez dakit. Euskara kontuetan, nora joan garbi izanda, hobe mantso eta zalaparta handirik gabe, bazterrak harrotzen ibili baino. Munduko denbora guztia ez izanagatik ere.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide