Euskararen posizioa

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ots. 26a, 00:00

Euskal soziolinguistikaren antologiarako geratu da Kike Amonarrizen kale inkesta euskararen tamainaz: gehienek oso txiki ikusten zutena, munduko hizkuntzen goiko tropelean dabil, zailtasun artean duin.

Beste horrenbeste esan liteke 2016ko Donostiako hizkuntza aniztasunaren foroak azaleratu duenaz: hizkuntza gutxituen artean euskara da hedatzen –hau da, hiztunak eta espazioak irabazten– ari den bakarretakoa.

Beldur handiegia izan diogu euskararen egoeraren alde baikorrak azpimarratzeari, horrekin hizkuntzaren aldeko afana galtzeko –edo, zenbaitentzat okerrago, inori dominaren bat oparitzeko– arriskua balego bezala.

Baina egia da; munduko hizkuntza gutxituen artean euskara erreferentzia bat da, batez ere EAEn izan duen biziberritzea dela eta. Posizio honek bi emozio eragin beharko lizkiguke: alde batetik, harrotasuna, lortutakoa ez bata inoren opari izan, gizarte ekimenaren eta erakundeen ahalmenaren ondorio baizik, lan on askoren fruitu ederra; bigarren emozioa, ardura behar genuke, euskararen herri osoari begira, baita mundu zabalari ere. Kooperazio linguistikoa izenez identifikatzen hasi gara beste hainbat hizkuntza gutxituekin izan dezakegun harremana: gure eskarmentua haiei eskaini eta trukean haien hizkuntzarekiko pasioaz gu apur bat kutsatu.

Bada beste liga bat ere, asko interesatzen zaiguna: munduko hizkuntza txikiena. Hizkuntza gutxituez gain badira beste batzuk, estatus politiko sendoagoa dutena, baina hiztun kopuru mugatua. Europan bertan hainbat dira: nederlandera edo daniera bezala, baltikoak, balkanikoak edo nordikoak. Hizkuntza hauek hiztun komunitate txikia dute, eta igurtzian daude hizkuntza hegemonikoekin, nagusiki ingelesa eta alemana.

Hizkuntza txikiekin eskumenetan dugu aldea, haiek estatua baitute. Hala ere, haien hainbat estrategia eta eskarmentu balekoak izan dakizkiguke, gurera egokituta. Esaterako, nola jokatzen du ikus-entzunezkoen sektoreak Danimarkan, gazte guztiek ingelesa primeran jakin arren kontsumoa nagusiki danieraz egin dezaten? Zerbait kopiatu dezakegu?

Asko komeni zaigu begirada gure zilborretik altxatzea eta inguru zabalari ere begiratzea, euskararen gaineko analisien kontrastea egiteko eta besteen eskarmentuak ere baliatzeko. Euskararen posizioa ez da txarrena aukerak aprobetxatzeko; bestalde, guk irabazitako hiztun edo esparru bakoitza garaipen bat da munduko hizkuntza aniztasunaren ikuspegitik. Animo!

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide