Gainbehera

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko api. 2a, 00:00

Solasaren haria galdu dut lagunetako batek “gainbeheran hasita gaudenok” lasai-lasai bota duenean. Batzuetan gertatzen zait. Arreta emateko aurpegi automatikoa jarri eta neure barrenean biltzen naiz, maiz helburu zehatzik gabe, nire pentsabidearen jitoaz ezaxola; besteetan, gero eta gehiagotan zorigaitzez, iritzi zutabe edo artikulu baten ernamuina ikuskatzen dut eta, orduan gogoa askatzeko itxura egiten badut ere, metro gutxien tartearekin jarraikitzen diot, nora eramanen eta nik horri etekina nola aterako. Horrelakoetan, susmoa dut, nire hausnarketek itzulinguru zorabiagarria egin ostean, toki jendetsu eta ezagun batera bideratzen nautela.

“Gainbeheran hasita gaudenok” esan eta berehala galdetu diot neure buruari –ez solaskideari, haren jarduna begirunerik gabe ez eteteko– plural inklusibo horretan ni sartuta nagoen. Berehala erantzun behar izan diot neure buruari, lagunaren asmoa beste bat izan balitz ere, nekez aurkituko genukeela esaldi hori aplika ez dakiokeenik, batez ere pixka bat zuzendu eta “gainbeheran gaudenok” esan izan balu. Beraz, zalantza izpirik gabe, nitaz ari da. Beste galdera azkar eta simultaneo batzuk bururatu zaizkit: nitaz ari da adin zehatz bat dudan heinean, garai baten kidea naizen heinean, genero batekoa edo, demagun, hizkuntz gutxitu eta galtzear dagoen baten hiztun agonikoa naizen neurrian.

Ingurura begira eta ez dakusat gainbeheraren gomuta ez dakarkidanik.

Gainbehera da gure osagai nagusia. Gainbeherak pilatzen goaz, bata bestearen barruan gordeaz, bata besteaz erdituta. Ezin diogu munduari begiratu gainbeheraren iragazkiaren bitartez ez bada. Gizabanako baten gainbehera modu askotara neurtzen ahal da eta gaitz izaten da benetakoagoa zein den zehaztea. Gainbehera biologikoa, zelularra: zein momentutik aurrera gorputza hasten den bere geneak beste gorputz batzuetan iraunarazteko efikazia galtzen. Gainbehera intelektual, sozial, kultural edo are linguistikoaren pertzepzioa begitazioa da, proiekzio bat, eta gure energia gehienak haien kontra eginez xahutzen ditugu, funtsean jakinik ez xahututa ere ondorioa berbera litzatekeela.

Oker gogoratzen ez badut –ohikoena oker gogoratzea bada ere–, Xabier Montoiak behin esan zuen literaturaren benetako engaiamendua denok hiltzera goazela irakurleari begien aurrera ekartzean datzala. Bestelako arteetara aplikatu ahal zaio gogoeta. Buruz eta, beraz, ez modu fidagarrian aipatuko dudan beste poeta bat, Philip Larkin, zeharo harritzen omen zen jendea ospitaleetara joanda, edo anbulantzia bat ikusita, kalean garrasika ez hasteaz, bizitzaren egiazko argumentuaz, bakarraz, ohartuta. Baina mendeetan findu ditugu azken unera arte ezikusia egin ahal izateko baliabideak (haietako bat mehatxua gutaz kanpoko giza eremu zabalago batean proiektatuta). Gainbeheraren noizbehinkako aitortzak dira itzurtzen uzten ditugun lekukotasun bakanetakoak. Horregatik beharbada galdu dut solasaren haria, ez pertsona arreta-gabe edo ameslaria naizelako, edo iritzi artikulu honetarako edo beste baterako bazka bilatu behar dudalako edozein unetan eta edozein elkarrizketatik, baizik eta funtsean une bakan eta berezi bat bizi izan dugulako, gehienok arreta ez eman nahiago izan badute ere: elkarri aitortu diogu zelularki, autobiografikoki, sozialki edo kulturalki izateari uzteko bidean gaudela, baina solasak berak kontsolatu gaitu, istant batez bada ere, eta elkarrekin egoteak, adiskideak izateak edo mundua beste batzuentzat hobetzeko aukerak ere.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide