Mindfulness

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko api. 16a, 00:00

Sarri-sarri pentsatu ohi dut, gurpilari etengabe eraginez ari den kurkumixa bezala, ziklikoki bueltaka dabilen gure mundu hau ere inora ez doala, ibili-ibili eginda beti toki berean gaudela. Azaleko kontuak aldatzen dira, baina mamia beti azpian, ezkutuan geratzen da. Adimena, inguratzen gaituena adi aztertzeko ahalmena, galtzen ari gara, eta ondorioz,  gure izaera eta bizimodua baldintzatzen dituzten arrazoiak hanka artetik pasatzen zaizkigu, modernitatearen presaren borborrean.

Nabarmen aldatu dena, hori bai, sentsazioak deskribatzeko erabiltzen dugun terminologia da. Adibide bat haria erabat ez dudala galdu ohartzeko: gurean oraintsu arte ezohiko haize bortitza “haize putie” edo “haize txerriye” zen, orain “ziklogenesi esplosiboa” omen da. Entzun nuenetik, haizeak gero eta beldur handiagoa sortzen dit.

Kirolari lotutako adibiderik ere bada, eta aspalditxoan modan jarri den bat dakarkizuet: mindfulnessa.

Meditazioaren bertsio akonfesionala edo omen da. Arnasketaren kontrolaren bidez, orain eta hemen gure barruan gertatzen ari denaren-zaigunaren kontzientzia izatea, erabakirik egokienak hartu ahal izateko. Edo horrelako zerbait.

Kontziente izate hau ariketa kontua ei da, eta horrela hotz-hotzean kaskezurra hustea erraza ez bada ere, gogor saiatuz gero ez omen da ezinezkoa.

Ongiaz eta gaizkiaz gaindi, balorazio baldintzatu subjektiborik gabe, zer garen eta non gauden jabetu ahal izatea, helburu zehatzak eskuratzeko. Balekoa, itxuraz, eguneroko trantzeetatik irribarretsu ateratzeko. Eta kirolarien kasuan, presiopean ari direnean egoera argi interpretatzeko.

Hauek orain artekoak irakurle. Baina erne, ideien baratze honetan atzera egin behar dugu eta, ahal bada, aurreko lerroetan landatutakoa zapaldu gabe. Ziaboga modukoa, lehorrean ari bagara ere.

Laster galtza zuriak dantzarako bakarrik jantziko dituen Abel Barriolak bolada luzea eman zuen eskuko mina zela eta jokatu ezinik. Arratsalde euritsu batean kontatu zidan zalantzan jartzen hasia zela pilotaria ote zen ere.

Egunen joanarekin batera, leitzarra ilunpetan barneratu zuen arazoa ere urrundu zen, eta Abel kantxetara itzuli zen, beldurti hasieran eta indartsu gero. Pilotaria izan itxuraz, eta hurrengo finala jokatzea lortu zuen, 2006a zen, oker ez banaiz.

Abelek galdu egin zuen finala, baina partida osteko elkarrizketa egitera joan gintzaizkionean, aurkaria zoriontzeaz gain, esan zigun pasatakoak pasata galtza zuriak jantzita finalean aritzea ere garaipen handia zela, berarentzat bederen.

Agian garaipena zer den zehaztetik hasi behar nuen.

Abel Barriolak ez zekien mindfulnessa zer zen, baina bazuen kontzientzia non eta zertan ari zen, eta hori, artean arnasestuka ari zela.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide