Ziklo honen amaiera bueltan dago

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko api. 30a, 00:00

Badaramagu pare bat urte krisitik ateratzen; datu makroekonomikoek hori erakusten dute, batez ere Barne Produktu Gordina (BPG) erreferentziatzat aukeratzen badugu. Horren adibide bat dira Euskal Ekonomisten Elkargoak sei hilero argitaratzen duen Ekonometroan lortutako emaitzak: 2014ko abendutik hona egin diren ia inkesta guztietan, galdetutako ekonomisten %40k egoera hobetuko dela dio; beste %45-50ek, berdin mantenduko dela. Enplegu arloan, aldiz, egoera ez da kolore berekoa. Hala ere, Errezesio handia deituriko krisi hau amaitzear dago?

Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko datuak aztertuz, hausnarketak ez du batere poztasunik sorrarazten. Har dezagun erreferentziatzat 2008. urtea, krisia hasi zenekoa. Orain dela bederatzi urteko BPG maila berreskuratu dugu. Pertsona enplegatuen kopurura ez gara heldu, %90ean gaude, ordainketak eta lan orduak ere %90ean geratu dira. Hortaz, gaur egungo hazkundearen datuak tentuz hartzeko modukoak dira.

Brexit-aren ondorio ekonomiko eta Batasuneko ekonomiaren dinamikek krisia berpizteko indar nahikoa izan dezakete 2019an

Gainera, adituek diote ekonomi hazkunde honek epemuga duela. Roberto Ruiz-Scholtes, UBS Espainia konpainiako Estrategia Zuzendariak esan du 2019an egoera ekonomiko oker batera bueltatuko dela Espainia, eta hedapenez, gure lurraldea ere. Europan hazkundea moteltzen ari da eta badirudi hazkundearen zeinu positiboari eutsiko diotela Europar Batasuneko kideek; hala ere, Brexit-aren ondorio ekonomiko eta Batasuneko ekonomiaren dinamikek krisia berpizteko indar nahikoa izan dezakete 2019an.

Orduan, 2014-2016 artean zergatik eman da berreskurapen ekonomikoa? Daniel Albarracínen hitzetan, krisiaren errebote-efektua eman da, enpresa eta lanpostu ugari desagertu direlako: enpresa kopuru murritzago batek merkatuaren zati handiago bat hartzen du. Aldi berean, energiaren prezioa (petrolioa, batez ere) jaitsi eta gastu publikoaren murrizketa eten da, ekonomian eragin positibo bat izan du. Esportazioak ere handitu dira, ezaguna denez, bertoko industriaren parte garrantzitsu bat Europa Erdialdeko herrialdeen industria osagarria baita. Herrialde horien egoera hobera doanean, geure industriarenak antzeko zeinua eraman ohi du.

Europar Banku Zentralak egoera lagundu du, interes tasak murriztean, finantziazioa erraztuz, merkatuz. Enpresa transnazional eta haien filialek diru merke horri onura atera diote, euren jarduera ekonomikoa sustatuz. Hau da gure esportazioen indarra azaltzen duen elementu garrantzitsu bat, enpresa multinazionalen finantzaketa merkeak erraztu duena.

Laburbilduz, ekonomiak hamarkada bat galdu du eta horrek azaltzen du hazkunde ekonomikoa. Baina, aldi berean, begi-bistan denez, berreskurapen honek iraupen motza dauka.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide